Adinekoek euren autonomiari eusteko 2,5 milioi ipiniko dituzte Bilbon

Bilbon erroldatuta dauden eta baliabide gutxi dituzten 60 urtetik gorakoei etxebizitza komunitario, etxebizitza partekatu edo eguneko zentroetako egonaldia finantzatuko die udalak, Adinekoei Eguneko Arreta eta Ordezko Ostaturako Programaren barruan. Aurten, 2,5 milioi eurotik gora ipiniko dituzte adinekoentzako etxebizitzaren ordezko aukera duina bermatzeko. Iazko datuekin alderatuz gero, %10,06 handituko da arlo horretan egingo duten inbertsioa.

Laguntzak jasoko dituzten pertsona horiek ez dute bizitzeko lekurik. Bizikidetza gatazka baten zein etxebizitzarik ezaren ondorioz, beste lekuren bat behar dute “euren beharrizanei erantzun egokia emateko”, udalak azaldu duenez.

Hala, xedea “babes barik, gizartetik baztertuta geratzeko edo mendeko egoeran geratzeko arriskuan daudenen arreta sustatzea da”. Pertsona horiek autonomotzat jo daitezke, edo mendekotasun maila txikia edo moderatua izan dezakete. Programa horrek eskaintzen dien aukera horren bitartez, “lagundutako autonomia maila bat” izan dezakete.

Horrez gain, Errekalde eta San Frantzisko auzoetan tutoretzako etxebizitzak dauzka Bilboko Udalak. Sei lagunentzako lekua dago etxeotan. Kasuotan, gizarte eta hezkuntza alorretako laguntza ematen diete eta, hamabostean behin, baita garbiketa zerbitzua ere.