Literaturan murgilduz

Kontuleku proiektua

Berriz

Irakurzaletasuna gaztetxoenen artean bultzatzeko asmoa duen proiektua abiatu dute Berrizen. Hain zuzen ere, Kontuleku proiektua abiatu du udalak, eta martxan egongo da martxora bitartean, ia zapatu guztietan.

Irakurketa familia girora hurbiltzea da proiektuaren xedea. 3 eta 6 urte arteko umeetan jarri dute arreta horretarako. Liburuen bitartez, afektibitatea, komunikazioa, irudimena, harremanak, hizkuntza, adierazpen fisiko eta artistikoa eta literatura landuko dituzte proiektuaren barneko saioetan.

Haurrak, baina, ez dira eurak bakarrik egongo tailerrotan. Familiarekin batera egongo dira. Izan ere, Kontulekuk “liburuetan eskaintzen diren istorioak, taldeka irakurri eta entzuteko plazera bizi izateko gune berezi bat eskaini” gura du.

Egitasmoa guraso euskaldunei zein euskaldunak ez direnei zuzenduta dagoela jakinarazi dute antolatzaileek. Hala ere, euskarazko jardunaldiak izango dira guztiak.

Guraso euskaldunez osatutako taldeetan, saio osoa euskara hutsean egingo dute. Euskaldunak ez direnen kasuetan, berriz, umeak bertan dauden tarteetan euskaraz ariko dira. Saioetako gidariak gurasoekin solasean ari diren tarteetan, berriz, gazteleraz. “Horrela haurrek ikusiko dute gurasoek euskararik jakin ez arren euskarazko jarduera horretan elkarrekin gustura ari direla”, adierazi dute.

Talde bitan banatuko dituzte parte hartzen duten umeak. Batean, 3 eta 4 urtekoak egongo dira; 11:00etatik 12:00etara bitartean egingo dituzte saioak horiekin. Beste talde batean arituko dira 5 eta 6 urtekoak. 12:15ean hasi eta 13:15ean amaituko da tailer hori. Parte hartu gura duten familiek izena eman beharko dute Berrizko Udalean, eta hamar euro ordaindu.

JAKINGARRIAK

Egunak. Otsailaren 8an eta 15ean, eta martxoaren 1ean, 8an, 15ean eta 22an.

Ordua. 11:00etatik 12:00etara, 3 eta 4 urteko haurrentzat. 12:15etik 13:15era, 5 eta 6 urtekoentzat.

Matrikula. 10 euro familiako. Izena emateko, udaletxean.