“Instituzioen gutxiespena eta gainontzeko alderdien jazarpena sufritu genuen”

Pedro Lobato urte luzez Etxebarriko alkate izandakoa da. La Voz del Pueblo herri plataformako hautagaiak herriko agintea kendu zien ohiko alderdiei duela 22 urte. “Auzotarren bitartez eta auzotarrentzat” gobernatu zuen ordutik. Nahikoa egin duela iritzita, azken hauteskundeetan Lorenzo Oliva gazteari utzi dio lekukoa. Ordutik, haren izena jarri diote Etxebarriko kale bati —Pedro Lobato kalea—, eta San Antonio ikastetxera bueltatu da, irakasle.

Noiz jaio zen La Voz del Pueblo? Zeintzuk ziren garai hartako baldintzak? Zerk eragin zuen taldea sortzea?

La Voz del Pueblo 1990. urte amaieran sortu zen, garai hartan gobernatzen zutenek [PSE-EAJ] San Antonio auzoarekiko erakutsi zuten utzikeria ikusita. Egoeraz nekatuta, min handiena egiten zien lekuan eman genien min: hauteskundeetan, hain zuzen. 1990eko urriaren 26ko hauteskundeetan Ez bozkatu izeneko proposamena egin genuen, eta %80ko abstentzioa lortu genuen auzoan. Urtebete geroago, batzar jendetsu bat antolatu genuen, eta erabaki genuen alderdi independente bat sortzea. Gehiengoak hautagai izendatu ninduen, eta alkatetza lortu genuen.

Nolakoa izan zen plataformaren hasiera?

Instituzioen gutxiespena eta alderdi guztien jazarpena sufritu genuen. Dena den, auzotarren babesa jaso eta baliabideak kudeatzen hasi ginenean gu errespetatzen hasi ziren.

Gogorra egin zitzaizuen beste alderdien indarrari aurka egitea?

Bai, oso gogorra egin zitzaigun, baina inbertitu genituen orduek fruituak eman zituzten, eta hori garbi geratu da gaur egun etxebarritar guztiek daukaten bizi-kalitatean.

Zure iritziz, zer eskaintzen zenuten zuek Etxebarrin beste alderdiek eskaini ezin zutena?

Hurbiltasuna, gardentasuna, zintzotasuna eta egunero erakutsi izan dugula politikan besteak zerbitzatzeko gaudela, ez gure etekinerako.

Zer esango zenieke udal batean tokiko gaiez gain errealitate politikoaz ere hitz egin behar dela pentsa dezaketen pertsonei?

Udalaz kanpoko errealitate politikoa ezagutu eta tratatu egin behar da, baina horrek ez du atzeratu behar gure auzokideen bizi-kalitatean eragin dezaketen neurrien onarpena. Guk bakarrik udalak eta herriak dituen baliabideak kudeatu ditugu, beste foro batzuetan erabaki beharko liratekeen eztabaidetan sartu gabe. Nahiz eta gehiengo zabala eduki, beti egon gara zabalik beste alderdiek aurkezten zituzten proposamenei, betiere herritarrentzako interesgarriak zirela uste izan badugu.

Zer-nolako erantzuna izan zuten beste alderdiek hauteskundeak lehen aldiz irabazi zenituztenean?

Sorpresa handiarekin eta oso oposizio gogorra eginez. Batzuek era osasuntsu batean, eta beste batzuek jasotako kolpea ulertu ezinik.

Zein izan da aurre egin behar izan diozuen trabarik handiena?

350 milioi pezeta zituen udala aurkitu genuen lehen aldiz hauteskundeak irabazi genituenean, eta baliabide ekonomiko faltari eta erakundeen mespretxuari gure berezko baliabideen azterketa sakon batekin egin behar izan genion aurre.

Nola irudikatzen duzu Etxebarri 22 urtez alkatetzan egon ez bazinate?

1991n, Reclorisa izeneko lantegi bat herrian zabaltzeari uko egitea oso lan zaila izan zen, babes handia zeukalako aurreko udalaren, hainbat enpresariren eta erakundeen aldetik. Etxebarriko garapena hipotekatuko zukeen, eta gaur egun daukagun bizi-kalitatearen ordez kutsadura jasan beharko genukeen.

Badirudi herri plataformek politikaz “paso” egiten duzuela, edo gutxienez gaur egun praktikan dagoen politika egiteko moduaz. Zein iritzi daukazu horren inguruan?

Ez dugu paso egiten. Gure taldeak ideologia ezberdina duten hainbat pertsonaz osatuta daude, baina ez dugu uzten eztabaida politikoak gure udalaren bizitza oztopatzea.

Zergatik erabaki duzue Ikune proiektuan parte hartzea?

Gure taldean betidanik sustatu dugu herritarren parte hartzea. Herritarren batzarren bidez egin izan dugu betidanik.