“Etorkizun oparoak oraina ez hipotekatzeko” eskatu dute Zorrotzaurreko biztanleek

Master Plan bat du Zorrotzaurrek, penintsula irla bihurtu eta eraikin modernoez apaintzeko egitasmoa; Bilboko Manhattan izango dela esatera ausartu izan dira batzuk. Baina hondakindegi bihurtutako eraikin eta orubeak ikusten dituzte auzoan bizi diren ia 600 lagunek. “Hiriaren trasteleku” bihurtu direla salatu zuten zapatuan Euskaldunako Zubia auzo elkarteko kideek, Etorkizun gutxiago, oraina gehiago lelopean egindako elkarretaratzean. Eta konponbideak eskatu zituzten, besteak beste, eraikinak okupatu ohi dituzten etxegabeentzat. “Iragartzen diguten etorkizun oparoak gure oraina hipotekatzeari utz diezaion nahi dugu”.

Ez dute gehiago itxaron nahi. Zorrotzaurre Plana atzerapenez ari da martxan jartzen Bilboko Udala, eta urteak beharko dituzte azpiegituretan lehen berritze lanen betearazte fasea heltzerako, Deustuko kanala irekitzeari emango baitio udalak lehentasuna. “Ez dugu uste obrek jarraipena izango dutenik, baizik eta boladaka egingo dituztela”, esan du Eneko Herran auzokideak. “Utzita dauden eraikinak birgaitu arte hamar urte pasa daitezke; bitartean horrela utziko dituzte? Guk uste dugu behin-behineko erabilera eman dakiekeela”.

Proposamen zehatzak egin dituzte, gainera. Planifikazioaren arabera desagertuko diren pabiloietako batzuk erabil daitezkeela esan dute, baina erabili ezin direnak “azkar eraisteko” eskatu dute. Aldiz, etorkizunean zutik iraungo duten pabiloiak egokitzea galdegin dute, behin-behineko erabilera eman ahal izateko, eta, bestela, eraikinok “egoera onean kontserbatu ahal izateko lanei ekitea”. Horren haritik, udalak jakinarazi die gutxi barru azpiegitura batzuk eraitsiko dituela, baina auzokoek erantzun azkarragoak nahi dituzte, egoera berriro errepikatuko delakoan: “Badakigu berandu baino lehen erabilerarik gabeko pabiloi berriak agertuko direla”.

Horrekin batera, orubeen edo pabiloien inguruan horma alturik ez jartzeko ere eskatu diote udalari. “Jendea sartzea saihesteko ipintzen dituzte, eta azkenean hondakindegi bihurtzen dira. Infekzioak sortzeko baino ez dute balio”, azaldu du Nerea Etxaniz Osa auzokideak.

Erabilerarik gabeko pabiloiak eta guneak “erabat utzita” daudela gaineratu du: “Udala edo higiezinen enpresak dira jabeak, eta ez dituzte lekuak zaintzen”. Gogora ekarri du abandonu hori historikoa dela: “Auzoa hogei urtez egon zen hiri antolamendutik kanpo; garai hartan ezin zen inolako obrarik egin hemen. 2008an lortu genuen aldatzea, eta biztanleen ekimenez hasi ginen etxe aurrealde batzuk berritzen”.

Egoerak ez du gehiegi hobera egin ordutik, halere. “Auzoaren degradazio sistematikoa eta bizilagunen bizi-kalitatearen pobretzea” salatu dute. Bilboko beste auzoetan ordenantzek debekatzen dituzten jarduerak Zorrotzaurren onartzen ditu udalak, Etxanizen arabera: “Hemen astebururo dagoen kale edanari, esaterako, ez dio garrantzirik ematen. Horrek, alde batetik, konparaziozko bidegabekeria sortzen digu, eta, bestetik, eragozpen asko eragiten dizkigu”.

Etxegabeentzako baliabideak

Baina utzitako pabiloiek auzora eramandako beste arazo bati ere heldu dio Euskaldunako Zubia auzo elkarteak: “Baliabiderik gabeko pertsonak, etorkinak izan zein ez izan, zoko horiek erabiltzen ari dira baldintza penagarrietan bizirik irauteko”. Izan ere, Bilboko Udaltzaingoak eta Espainiako Poliziak elkarlanean aldiro egiten dituzten sarekaden ondorioz izan ohi da auzoa albiste: etxegabeen arteko paperik gabeak identifikatu eta egozteko baliatzen dituzte operazio horiek.

Auzokideen eskakizunek “berriro lekualdatzera” behartuko dituzte etxegabeak. “Horren jakitun gara”, onartu du Etxanizek. “Baina instituzioei dagokie gizarte bazterketaren arazoari heltzea, eta hori desagerrarazi bitartean, bazterketan erortzen direnentzat bizi-baldintza duinak bermatzea: babesteko aterpea eta garbitzeko eta apaintzeko leku duina edukitzea, gutxienez. Pertsonez ari gara, eta gure errespetu osoa merezi dute”.

Hori dela eta, Zorrotzaurren utzitako eraikinetako bat egokitzea proposatu du auzo elkarteak: “Ekinaldi arduratsua litzateke pabiloiren bat prestatzea egoera larrian dauden pertsonentzat, duintasunak eskatzen dituen gutxieneko baldintzak ipinita”. Proiektuaren arabera zutik mantenduko den eraikinetako bat erabiltzea hobetsi dute, Etxanizek azaldu duenez. “Horrela, erabilera berria eman arte behintzat, behin-behineko erabileraren bidez utzikeria gelditzea lortuko genuke. Eta denok zer edo zer irabaziko genuke, epe labur edo ertainean izan arren”.