Errauste plantaren ondoko bizilagunek “osasunerako bermeak” eskatu dituzte

Zumalakarregin, Bilbo hirigunean dagoen Bilbaina errauste plantak baimena lortu du bere jarduerarekin beste zortzi urtez jarraitzeko. Bizilagunek erabakiaren kontrako elkarretaratzea egin dute asteon, martitzenez, udaletxearen aurrean. “Auzotar guztion osasunerako bermeak aldarrikatu ditugu”, esan du Carlos Ruizek, Gure Etxea auzo elkarteko idazkariak. “Materia organikoa erretzen dute hainbat osagai kimikorekin. Horiek, partikula ñimiño bihurtuta, biriketan sartzen dira, eta arnasteko arazo arinak eta minbizia sor ditzakete. Merkurioa, kromoa, kadmioa eta pareko metal astunak ere igortzen dituzte, hortzetako eta aldaketako protesietan eta taupada markagailuetan dauden elementuengatik”, azaldu du.

Ana Oregi Jaurlaritzako Ingurumen sailburuak, EH Bilduk hala eskatuta, azalpenak eman ditu Eusko Legebiltzarrean: “Errauste plantak ingurumen araudia betetzen du, eta ez du eraginik inguruko airearen kalitatean”. Ingurumen Sailak azpiegitura horri buruzko sei txosten egin ditu, eta probetako batek ere ez du erakutsi “mehatxurik sortzen duenik”.

Gure Etxea elkartekoek haserre berba egin dute: “Nola egin ditzake baieztapen horiek, Bilboko airearen kalitatea kontrolatzen duten kabinetako batzuk erabiltzerik ez badago, eta beste batzuk kontrolik gabe badaude?”.

Oregiren esanetan, Bilbaina ehorztetxeak zenbait konpromiso ere hartu ditu. “Errausteko gutxieneko tenperatura batzuk erabiltzeko” prest azaldu da, betiere, “monitorizatuta eta automatikoki erregistratuta”. Horrez gain, ez dituzte erreko melaninak, kloroa eta metal astunak dituzten kutxak, eta, errausketa baino lehen, kaxei heldulekuak eta apaingarriak kenduko dizkiete.

Gasen araztailea

Ehorztetxeak berak, prentsa ohar baten bidez jakinarazi duenez, “gasen araztaile bat” ere jarriko du beilatokian. Urte honetan bertan jarriko duten sistema horrekin “ingurumena babestu” gura dutela esan dute.

Ruizek ez ditu ontzat jo: “Ehorztetxeari eskatzen zaizkion neurriak kosmetika hutsa dira. Europako Batasunak osasuna bermatzeko eskatzen dituen neurriak inposatuko balizkieke, ezin izango lukete hirigunean egon”. Horrez gain, uste du “enpresarien interesak” lehenetsi dituztela, “osasun publikoaren gainetik”.

Oregik gogora ekarri du baimena ez dela “kontzesio berri bat egiteko, ezta luzapen bat emateko ere”. Haren arabera, “labeen jarduera arautzen duen dekretu berria indarrean sartu zenean Bilbaina ehorztetxeak jardueraren egokitzapenari buruzko txosten bat aurkeztu zuen, dekretuak jasotzen duen bezala”.

Gure Etxea elkarteak, baina, kritikatu egin du: “1975eko araudiak ezarrita berritu zaio baimena; hau da, oraindik errauste plantarik ez zegoeneko araudia eskuan. 2007ko Jaurlaritzaren araudia ezarri behar zioten, baita hirigunean errauste plantak jartzea debekatzen duen HAPOk ezartzen dituen mugak ere”.