Bilboko auzoen asteburua

Asteburu honetan Auzo Eguna egingo dute Bilboko Areatzan. Bizkaiko hiriburua osatzen duten auzoetako jai batzordeen koordinakundea da Auzotarrok, eta talde horrek antolatu du. Asteburu honetarako prestatu dutena hausnarketa prozesu baten emaitza dela azaldu dute. Auzoetako jai ereduak eta dituzten beharrak aztertu dituzte. Hori kontuan hartuta, auzoetako jaiak auzoetarako eta Bilbo osorako “aktibo garrantzitsuak” direla azaldu dute: “Gu gara ahal dugun guztia egiten dugunak gure auzoetan kultura eta dibertimendua eskaintzeko. Gu gara gure auzoetan parte hartzea sustatzen dugunak. Gu gara gure auzoetan ekonomia sortzen dugunak, eta, horrenbestez, Bilbo bera sortzen dugunak”.

Bide batez, udalari parte hartze handiagoa eskatu diote. Edonola ere, aitortu dute hainbat sailekin hartu-emana “hobetu” dela eta “pauso” batzuk eman dituztela.

Bihar eta etzi egingo den ospakizunaren helburua jai herrikoi eta parte hartzaileak aldarrikatzea izango da. Horregatik, Euskal Herri osoan eredu horren alde dabiltzanei Bilbora etortzeko deia egin diete. 11:00etan hasiko da jaia, auzo txupinazoarekin. Auzo bakoitzeko ordezkari banak piztuko du bere suziria. Goiz osoan paella txapelketa egingo da Areatzan. Las Felini taldea ibiliko da epaile lanetan. Bazkalaurretik, 13:00ean, jai herrikoien aldeko elkarretaratzea egingo dute.

Arratsaldean, itsasadarrera joango da jaia. 16:30ean auzoen arteko piragua lasterketa jokatuko da Ibaizabalen. Areatzako zubitik udaletxe parekora arte osatuko dute ibilbidea. Fabe de Fuka taldea ibiliko da Areatza girotzen. 19:00etan, Mandoilek eta 3gabe2 taldeen kontzertua hasiko da.

Domeka goizean, sagardo eta txorizo dastatzea egingo dute Areatzan. 11:30ean, umeentzako animazioa egongo da. 13:00ean, azkenik, auzoetako dantza taldeen emanaldia izango da.