BI MUNDU KONTRAJARRI, AURREZ AURRE

Erabat desberdinak diren bi mundu elkarren ondoan jarriko ditu Txalo antzerki taldeak taula gainean, Arrigorriagan. Ondoko hilobiko tipoa antzeztuko dute, gaur. 20:00etan izango da saioa, Lonbo aretoan. Neskatila pinpirin bat baserrian, eta baserritar bat operan azalduko dira: Maila soziokultural ezberdinetako bi pertsona ariko dira aurrez aurre. Begoña Bilbaok zuzenduko du komedia. Aiora (Aitziber Garmendia) eta Pablo (Iker Galartza) ditu protagonista. Liraina, goxoa eta alarguna da lehenengoa; berekoia, burugogorra eta ezkongabea, bigarrena. Bi mundu ordezkatzen dituzten gazte biek leku berean egingo dute topo: hilerrian.