“Barrua lasaitzeko eta adrenalina kentzeko modu bat da arrauna”

Arraunaren mundua atzean utzi ezin duen arraunlari ohia da Gonzalo Soto (Zierbena, 1958). 1978an ekin ostean, 2011n utzi zuen, ofizialki. Tartean, entrenatzaile lanetan ere ibili da. Bilboko Itsasadarra Itsas Museoak eskuratu berri duen Zierbena traineruan ibilitakoa ere bada. Ontzia zaharberritzeko lanak gainbegiratzen aritu da azkenaldian.

Zierbena trainerua 1985ean egin zuten, Pasaiako Izazeta ontziolan (Gipuzkoa). 1994ra arte erabili zuen klubak. 1995az geroztik, gordea izan dute, abandonatua. Orain, berriz itzuli diote garai zaharretako distira. “Jose Luis Korta Zierbenan aritu zeneko garaia izan zen”, ekarri du gogora Sotok. “Bederatzi bandera irabazi genituen lehenengo urtean. Hala ere, garrantzitsuenak San Pedrok irabazten zituen”. San Pedroren garaipenak ikusita, eta haren traineruak Fontan ontziolak egiten zituenez , karbono zuntzezkoak, Kortak beste traineru berri horiek egin eta erabiltzea erabaki zuen. “Horregatik utzi genuen Zierbena trainerua alde batera”.

Orain, berria balitz bezala daukate Bilboko Itsasadarra Itsas Museoan. Hori aprobetxatuta, itsasoko kirolei eskainitako erakusketa iraunkor bat egin gura luketela azaldu zuen Jon Ruigomez museoko zuzendariak. “Izan ere, egurrezko traineruek, ez badira erakusteko erabiltzen, ez dute ezertarako balio, karbono zuntzezkoen parean ez baitaukate zer eginik”, nabarmendu du Sotok.

Zierbenan arraunean hasi zenetik, buelta asko eman ditu. “1980an, Kaikura joan nintzen. Klubaren urrezko garaia izan nuen han: Kontxako Bandera bi irabazi nituen, baita ia gainerako guztiak ere. Geroago, txandaka aritu nintzen lanean, eta Zierbenara itzuli nintzen. Bi urte egin nituen han. Txandaka lanean ibilita, zaila egiten zitzaidan gauza biak uztartzea; beraz, bospasei urtez, arraunean aritzeari utzi nion”.

Mundu hori ez zuen baztertu, hala ere. Kaiku, Zierbena, Castro eta Portugalete klubetatik igaro zen, arraunlari zein entrenatzaile gisa; batzuetatik behin baino gehiagotan, gainera. “2010ean Agustin Quintana Bizkaiko Federazioko presidenteak deitu ninduen, emakumeen selekzioaren kargu hartu nahi nuen galdetzeko. Eta urtebete egin nuen hartan”. Hori da arraunean egin zituen 30 urte baino gehiagoren laburpena.

Kortarekin duen lagun harremanaz ere mintzatu da Soto. “Gogoa dudanean, deitu egiten diot, eta harekin joaten naiz txalupa motordunean”. Orioko entrenatzailearen inguruan sarri pizten diren polemikei dagokienez, Sotok defendatu egiten du. “Batzuetan erraietako sentimenduak eta erreakzioak izaten baditu ere, nire ustez, ia beti arrazoia du”, adierazi du. Beste era batera pentsatzeko “beste aldean” egon beharko litzatekeela uste du.

Oraindik ere, batel batean sartzeko gogoa pizten zaio. “Baina 56 urte dauzkat jada”, penatu da. Dena den, 52 urtera arte aritu da lehian. Horretarako sekretua argitu du: “Hamabi urtez etengabe arraunean ibilita, gorputzak erantzun egiten dit oraindik”.

Kaiku TKE ligan sartu zen urtean, gainera, 50 urte zituen, eta titularra izan zen estropada guztietan. Fisikoki “maila onean” zegoela adierazi du. “Ez 30 urte nituenean bezala, edota Kontxa 22rekin irabazi nuenean legez. Hala ere, horri esperientzia gehitzen nion. Hain zuzen, %100 ematerik ez banuen ere, %80 edo 90 horri esperientzia gehituz gero, ia %100 egiten duzu. Izan ere, ezin ditzakezu biak eduki, gaztetasunaren indarra eta adinaren beteranotasuna”.

Betidanik itsasoari lotuta

Itsasoarenganako erakarpena betidanik izan du Sotok. “Itsasoan jaio nintzela esan daiteke, Areetako hondartzan. Egun ere, itsasotik 60 metrora bizi naiz. Itsasoa, niretzat, dena da. Arraunean aritu aurretik, urpekaritza egiten nuen; hori izan da nire beste zaletasuna. Bateraezinak dira, tamalez. Hiru orduz urpekaritza egiten aritzeak oso ahul uzten zaitu”, azaldu du.

Biriketarako, ordea, on egiten zion praktika horrek. “Birikak handitu egiten zaizkizu urpekaritza eginez gero, arnas ahalmena handitzen laguntzen baitu”. Eta bat baino gehiago harrituta geratzen zen arraunlariaren ahalmenarekin. “‘Zelan egiten duzu estropada guztian hitz egiten eta arraunean joateko?’, galdetzen zidaten. Baliteke urpeko arrantza egiten nuen garai hartako ahalmen hori gorde izana”, gogoeta egin du. “Ur azpian oxigeno botilarik gabe hiru minutu egoteko gai naizela kontatzen dudanean, asko harritu egiten dira. Hala ere, urpekaritzan aritzen direnentzat, ez da asko”.

Itsasoak eta arraunak “lasaitasuna” sentitzen laguntzen diote Sotori. “Arrauna barrua lasaitzeko eta adrenalina askatzeko modu bat da. Ezagutzen ditudan arraunlari guztiak oso lasaiak dira, kirol honek barrena husten laguntzen dizulako”.