200 urteren emaitza

Arratzun Arrolako oppiduma aurkitu zutenetik bi mende beteko dira aurten. Hori ospatzeko, erakusketa bat antolatu dute Bizkaiko Arkeologia Museoan. Museora bisita gidatuak eta autogidatuak eta familientzako tailerrak antolatu dituzte martxoaren 16a bitartean. Bisita gidatuak egunero egiten dituzte, 18:00etan, otsaila bukatu arte.

Martxoaren 1ean Arrolara joango dira, indusketak bertatik bertara ezagutzera. Bilbon museoa ikusi ostean, autobusez joango dira. 30 euro ordaindu beharko da, eta bazkaria ere prezioan sartuta dago. Txango horretan parte hartu gura dutenek orain eman behar dute izena. Horretarako azken eguna otsailaren 14a izango da. 94-404 09 90 telefono zenbakira deitu behar da, edo arkeologimuseoa@bizkaia.net helbide elektronikora idatzi.

Herrixka indigena baten aztarnak aurkitu zituzten 1814an, 534 metroko garaieran, Arratzuko Arrola mendian. Bigarren Burdin Arokoa da; hau da, K.a. IV. mendetik K.o. I. mendera arteko garaikoa. Erakusketa horrekin garai hartako bizkaitarrak nola bizi ziren ezagutarazi nahi dute.

Bizkaian egindako ikerketa arkeologikorik zaharrena da, 1827an hasi baitziren lehen lanak egiten. Martin Novia Salcedo kapitainak eta Antonio Etxeberria arkeologoak krokis topografiko bat osatu zuten.

Bilboko Mallonako eskaileretan dagoen museoan, herrixkako eguneroko bizimodua berreraiki dute. Eta ordukoek erabiltzen zituzten tresna eta gailuak ere bertatik bertara ikus daitezke. Sei hektareako eremua osatzen zuen, eta ehunka lagun bizi zirela uste da. Adierazgarria da defentsarako zeukaten azpiegitura. Sei metro garai zen harresiak inguratzen zuen herrixka, eta bi ate zituen, nor sartzen zen kontrolatzeko. Horrez gain, harresitik kanpora, beste bi eraztun zituzten, eta haietatik zaintzen zuten norbait gerturatzen zitzaienean. Horrek, gainera, herrixkako herritarrek zuten lursail kopurua uzten du agerian.

Besteak beste, familia bakarreko etxebizitzen aztarnak aurkitu dituzte Arrolan. Bilbon horrelako baten kopia dago ikusgai. Harriz, zurez eta lokatzez egiten zituzten. Etxeetan sukaldea —galdara laratzetik eskegita— zeukaten, esertzeko jarleku luze bat, arropa egiteko ehungailua eta jangaiak gordetzeko biltegi moduko bat.