Literatura, denen eskura

Irakurtzeko grina izan, baina ezin liburu bat zabaldu eta osorik ulertu, istorioaz erabat jabetu eta gozatu. Askok dituzte irakurtzeko eta irakurritakoa ulertzeko zailtasunak. Eta horiei irtenbide bat emate aldera, duela urtebete pasatxo martxan jarri zen Irakurketa Erraza elkartea.

Blanca Mata da arduraduna. Gogora ekarri duenez, “gurea bezalako herri garatuetan, biztanleen %30ek dituzte irakurtzeko edo irakurritakoa ulertzeko zailtasunak”. “Askotariko” kolektiboak direla azaldu du: “Iritsi berritan hizkuntza ondo ezagutzen ez duten etorkinak ditugu; adimen urritasuna dutenak ere bai; baita irakurketa lehenago bezala gauzatu ezin duten adinekoak ere, zahartzaroaren ondorioz gaitasun kognitiboak murriztuak dituztelako; ikasteko arazoak dituzten ume eta nerabeak ere badira: dislexia dutenak, kasurako. Analfabetismo funtzionala dutenak asko daude, argi eta garbi esan ohi ez den arren; alfabetatuak dira, baina ez dira gai matematika kontu bat egiteko, testu txiki bat ulertzeko edo formulario bat betetzeko. Azkenik, eskolara gutxi joan edo berandu hasitakoak leudeke. Kolektiboak askotarikoak dira”.

Horientzat guztientzat, “irakurketa formatu desberdin bat” eskaintzen du irakurketa errazak. “Gauzak idazteko modu bat da”. Eta “idazki guztiak irakurketa errazeko irizpideetara egokitu” daitezkeela dio. Bizkaian, irakurketa mota hori lantzen duten liburuak dituen erreferentziazko liburu denda bakar bat dago: Bilboko Deustua auzoan, Done Petri plazan.

Oinarriei dagokienez, “eduki, hizkuntz eta forma egokitzapenak” egiten dira testu bat irakurterraz bihurtzeko. “Gauzak zelan kontatzen diren” kontuan hartu behar da. “Ordena kronologiko bakarrak egon behar du; hau da, ezin daiteke erabili aurrera eta atzerako flashback gehiegi. Istorioak erabat lineala behar du izan, eta ekintzak, zuzena eta zehatza”.

Hizkuntza ereduari dagokionez, “egunerokotasuneko berbak” erabili behar dira. “Esaldi laburrak eta egitura errazekoak aurkituko ditugu liburuotan. Esaldiak mozteko erak erosoago bilakatzen du irakurketa”. Mataren esanetan, “irakurketa errazeko liburu bat irakurtzean harritu egiten zaitu, poesia irakurtzen ari zarela iruditzen zaizulako”.

Letra tipoa, bestalde, ohi baino handiagoa da. “Testua orrian kokatzeko moduak ere eragina du, beraz”. Lerro batetik bestera tarte zabalagoak uzten dira; zuriune asko ikusten da, eta irudiak erabiltzen dira.

Irakurketa errazerako idatzitako liburuak “kolektibo jakin batzuei” zuzenduta egon arren “edonork etekina atera” diezaiekeela azaldu du. Irakurtzen hasteko modu bat ere badela iritzi dio. “Esaterako, irakurketa eta ulermen arazorik izan ez arren, irakurtzea kostatu egiten zaien gaztetxoak motibatzeko balio dezake, gero ohiko irakurketara igaro ahal izateko”.

Dena den, liburu horietan “hizkuntza ez da banalizatzen, eta ez da umeentzat edo ergelentzat idatzitakoa”. Izan ere, testu bat irakurterraz bihurtzea “oso zaila” da. “Lortu behar duzu irakurleak sentitzea jatorrizko liburua irakurriz sentituko lukeena; istorio berbera ezagutu behar du, eta espazio jakin batzuk irudikatu. Nekeza da hizkuntza samurra erabilita lortzea hori guztia”. Hori dela eta, Matak izugarri miresten ditu literatura egokitzen dutenak, baita beren eleberriak zuzenean formatu horretan idazten duten egileak ere: “Hori da ederrena”.

Irakurketa errazeko klubak

Denbora gutxian irakurketa mota horren garrantziaz jabetzen ari diren elkarte, entitate, liburutegi eta liburu dendak areagotu egin direla azaldu du. “Duela urtebete galdetuta, esango nuke alor hau hutsik zegoela. Orain, ordea, apurka betetzen ari da”. Etorkinen, hirugarren adinekoen, adimen urritasuna dutenen eta bestelako kolektiboen elkarteen eta liburutegien artean “sare bat” sortzen ari da. Eta liburutegietan era horretako liburuak jasotzen hasi dira.

Horrez gain, “irakurketa errazeko klub asko” ere sortu dira. “Gai hau jakitera emateko tresna garrantzitsuenetakoak dira, eta, batez ere, parte hartzen duten kolektiboei irakurketaz gozatzeko aukera ematen diete”. Eguneko zentroetan eta zaharren egoitzetan sortu dira gehienak. Adineko horiek, “material horiei esker, irakurketarako zaletasuna berreskuratu dute”. Horrez gain, eguneko zentro eta adinekoen egoitza batzuetan, “erraz irakurtzeko albisteen buletin bat ere jasotzen dute, egunkaria irakurtzeko zailtasunak izaten baitituzte maiz”. Espetxe batzuetan ere badira.

Matak zehaztu duenez, irakurketa errazeko klubak ez dira ohiko irakurketa taldeak. “Irakurketak ozen egiten dira hainbat saiotan, liburua bukatu arte”. Ordubeteko saioetan, irakurketaz gain, eztabaida, hizketaldia eta ikus-entzunezko saioak tartekatzen dira, besteak beste.

Irakurketa errazak “harremanak sortu ditu liburutegi publikoekin” eta irakurtzeko modu bateko zein besteko zailtasunak dituzten kolektiboekin lan egiten duten elkarteekin. Hain justu, irakurketa errazari esker, “liburutegira orain arte etortzen ez zen publiko berri bat iritsi da”. Orain, askoz jende gehiagok dauka liburuetara gerturatu eta haiez gozatzeko aukera.