Kandela bedeinkatuekin kalejira egingo dute domekan, Gernika-Lumon

Natibitate egunetik 40 egun igarotakoan ospatzen da Kandelario eguna: otsailaren 2an. Jesus jaioberria Jerusalemgo tenpluan aurkeztu zutenekoa gogoratzen da. Hori gogoan hartuta, elizetan kandelak bedeinkatuko dira. Euskal Herrian indar berezia aitortu izan zaie. Sasoi batean, kandela horien negarrarekin etxekoak bedeinkatzen zituen etxeko jaunak. Ekaitzak jotzen zuenean, gainera, piztu egiten zuten. Uste zuten denboralea aldendu egiten zuela eta etxea eta etxekoak babestu.

Gaur egun ia galduta dagoen arren, garai batean kandelen prozesioak ere egiten ziren. Herri gutxitan eusten diote ohitura horri. Ezagunena Gernika-Lumo da. 19:00etako meza bukatutakoan, Andra Mari eliza aurrean ume mordoa biltzen da, gurasoek lagunduta. Kandelak iziotu, eta herri osoa zeharkatzen dute, Foru plazara arte. Bukaeran, sari modura, gozokiak botako dizkiete udaletxeko balkoitik. Etzi, bada, 19:30ean dute ordua.

Bermeoko Demiku auzoan ere Kandelario jaiak dituzte. Domekan, txupinazoa, umeentzako jolasak eta meza ostean tostada txapelketa izango dira. Berrizen, azkenik, Andikoa auzoko jaiak ospatuko dituzte.