“Helegitea jartzeko ez garela nor esan digu auzitegiak; mamiaz ez dio ezer”

Usansolo Herria plataformak “txarto” hartu du epaileak onartu ez izana desanexioa debekatzen duen foru arauaren aurka jarritako helegitea. Hala ere, Monika Mena plataformako kideak azaldu duenez, “indarra” eman die EAEko Auzitegi Nagusiak hartutako erabakiak, eta arrazoia dutela erakutsi. Espainiako Auzitegi Gorenera joko dutela iragarri du.

Zelan hartu duzue epailearen erabakia? Espero zenuten?

Txarto. Halere, indarra ematen digu. Batetik, ikusten dugulako gure eskaeraren oinarrian ez dagoela inolako oztoporik; hau da, gure helegitea desanexio aukeraren mamiaren gainekoa zen. Auzitegiak, baina, esan digu guk ez dugula zilegitasunik helegitea jartzeko. Mamiari berari buruz, ordea, aipamenik ere ez du egin. Horrek indarra eman digu; erakusten digu arrazoia dugula, eta aukera guztiak ditugula Usansolok berriro ere demokratikoki desanexio prozesua abiarazteko, behar den foru arauan oinarrituta. Bestalde, oztopo moduan ere ikusi dugu erabakia. Hau da, botere erakusketa bat bezala ikusi dugu: “Gu hemen gaude, eta zuek hor” esan digula sentitu dugu. Ez dugu ulertzen. Ez du argudiatzen, gainera, zertan oinarritzen den esateko ez daukagula zilegitasunik. Esaten duen gauza bakarra da helegitea ez duela onartzen tramitera, ez garelako nor.

Zergatik dio hori?

Zehaztu egin behar da ez dela Usansolo Herria soilik izan helegitea aurkeztu duena. Hiru subjektuk aurkeztu genuen: batetik, plataformak berak; bestetik, plataformak Galdakaoko Udalean dituen bi zinegotziek, zinegotzi gisa; eta, azkenik, zinegotzi bi horiek herritar moduan ere aurkeztu zuten errekurtsoa. Beraz, zelan liteke Justiziara jotzeko eskubidea hiru subjektuei ukatzea esanez zilegitasunik ez dutela, “haien bizitza hauteskundeetan” amaitzen delako? Herritarron bizitza non amaitzen da, bada?

Argudioaren zein interpretazio egiten duzue?

Alde batetik, osatu gabeko aitzakia dela iruditzen zaigu. Izan ere, hiru subjektuetatik bati soilik erantzuten dio. Bestalde, ikusten dugu mamiz betetako helegitea aurkeztu genuela eta horren kontra ez duela ezer esan.

Indarra eman dizue erabakiak, baina orain zer egingo duzue?

Auzitegi Gorenera joko dugu. Honek guztiak ez du ez hanka, ez bururik, gure ustez. Astakeria galanta da, eta benetan ikusten dugu arrazoia daukagula.

Kontra, ostera, denbora daukagu. Gorenera jotzeak kostu ekonomikoa ekarriko digu, eta denbora asko beharko du. Hala ere, Usansolok 25 urte itxaron ditu. Prozesuak 25 urte daramatza martxan; ez da gutxi! Beraz, zer dira beste bi urte?

Hainbat batzar egiten ari zarete. Erabaki gehiago hartu dituzue?

Herritarrei gertatutakoa azaltzeko, batzarrak egiten ari gara. Bestalde, epe ertain edo luzerako plangintza bat prestatzen ari gara, jarduera indartsuak egiteko. Hainbat alderdirekin ere batzartuko gara. Baliteke hainbat presio ekintza bultzatzea; konfrontazioa sortzea, azken finean. Hainbat aukera ditugu. Helburua da Usansoloren desanexioa agenda publikoan kokatzen jarraitzea. Dena den, oraindik ez daukagu ezer definituta. Baina argi dugu honek ez gaituela geldiarazten. Foru aldundiari ere erantzukizunak eskatu beharko dizkiogu. Foru arau berria bozkatu zutenean, EAJ soilik agertu zen desanexioaren kontra.