Durangaldean, aire arnasgarria

“Eskualdeko airearen kalitatea ona da”. Esaldi horrekin, Durango Merinaldearen Amankomunazgoak iraganean utzi du azken urteetan kalean bolo-bolo zebilen iritzia. Hala jakinarazi du, behintzat, Oskar Zarrabeitia erakunde horretako presidenteak. Eta, horren baieztapen borobila egiteko, IK4-Azterlan enpresak prestatutako txostenaren emaitzak erabili ditu. Agiria esaldi batean laburbildu du: “Airearen kalitatea ona da; azken urteetan hobetu egin da, eta etorkizunean are gehiago hobetzeko asmoa daukagu”.

Izan ere, Durangaldeak iraganean zeukan kutsadurak kezka handia sortzen zuen eskualdeko herritarren artean. Egonezina 2005ean zabaldu zen, Durangoko San Roke inguruan dagoen azpiestazioak emaitza larriak eman zituenean. Gailuak airearen partikulak aztertu zituen, eta partikula kutsakorren maila arriskutsutzat jo zuen urte hartan. Behin datuak aztertuta, inguruko lantegi eta fabrikei egotzi zieten errua. Baina ustea baino ez zen.

Iritzi horretatik abiatuta ekin zioten iaz ikerketari. Hala ere, izan dute aurrekaririk, eta horietan airearen kalitatearen joera positiboa zela nabarmendu zen. Hau da, neurketaz neurketa, hoberantz egin izan da. Emaitzak ikusita, beraz, ez zaie hain harrigarria egin hobekuntza. “Agerian geratu da industriak pisua galdu duela airea kutsatzeko orduan. Esan daiteke bigarren mailan geratu dela, eta etxeko galdarek eta zirkulazioak haren lekua hartu dutela”, azaldu du Zarrabeitiak.

IK4-Azterlan enpresak hamalau azterketa gailu jarri ditu eskualdea osatzen duten 11 udalerrietan. Urtebeteren buruan, bi alditan egin dute, gainera: neguan eta uda partean, bi urtaroen artean egon daitezkeen aldaketak eragozteko asmoz. Horrela, lehen fasea otsailean eta martxoan gauzatu zuten; bigarrena, maiatza eta ekaina bitartean.

Esan bezala, ez da Durangaldean airearen kalitatea ikertzen duten lehen aldia. 2005ean, eskualdean alarma piztu zenean, Tokiko Agendak herritarrengan zalantzak sortzen zituzten gaiak bildu zituen, eta agerian geratu zen airearen kalitatearena lehentasunetako bat zela. Horren emaitza izan zen Durangoko Udalak 2007an aurkeztutako Aire Kalitate Plana. Bi urte geroago, berriz, mankomunitateak bere egin zuen egitasmoa. “Denbora tarte horretan, hobekuntza nabarmena jazo zen, eta seguru gaude horretan eragin handia izan duela krisi ekonomikoak”, azaldu du Ander Areitio IK4-Azterlaneko kideak.

Izan ere, krisiaren etorrerarekin batera, Durangaldean martxan zeuden hainbat galdategi itxi egin zituzten. Horrek eragin zuzena izan du kutsadura apaltzean. Horrez gain, enpresa txiki eta ertainen jarduera moteltzeak, zirkulazio iraunkorrago baten alde apustu egiteak eta herri lanen kopurua jaisteak kutsadura jaisten lagundu dute.

Autoen gas isurketak neurtzeko hautua egin dute orain. Horrela, eskualdeko 11 puntutan zirkuklazioak eragiten duen inpaktua ezagutzera bideratu da azterketa. IK4-Azterlanek aire kalitatearen adierazleak eta ibilgailuen intentsitateak erlazionatzen dituen diagnosi bat garatu du. Azken neurketa horrek ibilgailuen abiadura neurtzeko balio izan du, eta hainbat datu esanguratsu nabarmendu ditu. Larriena: herri tarteetan ibilgailuen gehiegizko abiadura nabaria. Eta hainbat adibide jarri zituzten, baieztapena justifikatu asmoz: Iurretatik igarotzen den N-634 errepidean, esaterako, ibilgailuen %82k ez dute errespetatu 50 kilometro orduko abiadura muga; Izurtzatik doan BI-623 tartean, berriz, arinago doazenen kopurua %62 da. Zarrabeitiak argi utzi zuen berak ordezkatzen duen erakundearen iritzia: “Durangaldean ez dugu abiadura zaintzen. Nahiz eta badakigun krisi garaian gaudela, Bizkaiko Foru Aldundiak aztertu beharko luke zein egoeratan dauden bere eskumeneko errepideak, eta etorkizunean neurriak hartu”.

Emaitzak ikusita, horiek hobetzea izango du helburu mankomunitateak. Gomendioak eskatu dizkie neurketa aurrera eraman duten arduradunei. Eta horiek argi hitz egin dute: “Alde batetik, herriguneetako zirkulazioa lasaitzeko ekintzak garatu beharko dira. Eta, beste alde batetik, gutxiago kutsatzen duten energien kontsumoa bultzatu”. Alde horretatik, azterketaren bidez lortutako emaitzak eta ondorioak aurrerantzean egingo liratekeen ekintza berriak planifikatzeko erabiliko dira. Laburbilduz: IK4-Azterlanek garrantzitsutzat jo du Mugikortasun Iraunkorraren Plana onestea eta eskualdean garatu beharko litzatekeen Aire Kalitate Plana martxan jartzea.

Mota horretako oso ikerketa gutxi egin dira Europan. Horregatik, ahalik eta oihartzun handiena izatea nahi dute. Hori dela eta, kopia bana helaraziko diete foru aldundiari eta Eusko Jaurlaritzako Ingurumen sailburuordetzari, beharrezkoa ikusten baitute udalen gainetik dauden erakundeek ere Durangaldearen errealitatea ezagutzea. Mankomunitateko presidenteak azaldu duenez, “udaletan eta amankomunazgoaren agendetan dagoen gai garrantzitsua da”.