Behiak, kordoiak eta opilak, asteleheneko azokan

Urteko egunik handiena izango dute astelehenekoa Abadiñon. Bizkaiko ganadu feria garrantzitsuenetako bat egingo dute, tradizioak agindu bezala, San Blas eguna ospatzeko. Baserriko produktuak saltzeko, 80 postutik gorako nekazaritza azoka eta hiru karpa handitan banatuko den abere feria egongo dira ikusgai. Baserritarrek ortuariak, frutak, gazta, ogia, txakolina, sagardoa eta gozoak ekarriko dituzte salgai ipintzeko. Abereak, berriz, berrehundik gora izango dira. Karpetako batean abelgorrien erakusketa egongo da. Bigarrenean, euskal arrazak ikusteko aukera egongo da. Azken karpa, berriz, salerosketarako izango da.

Eguerdiko meza nagusiaren ostean, bertsolariak, trikitilarien kalejira, herri kirolen erakustaldia eta enparauak izango dira. Eta, iluntzean, idi-proba saioa.

Abadiñora joango diren guztiek, gainera, seguruenik bedeinkatutako kordoiak eroango dituzte etxera, gozoki eta San Blas opilekin batera. Tradizioaren arabera, sama bueltan lotuta edukiz gero, eztarriko gaixotasunak uxatzen ditu. Eskualde batzuetan bederatzi egunez izaten dute; beste batzuetan, hausterre eguaztenera arte. Bilbon ere, San Nikolas elizan izango dira kordoi, gozoki, opil eta enparauak salgai.