Oroitzapenak, zirrara eragile

Bilboko itsasadarraren ezkerraldean, Bizkaiko Labe Garaietan eta ontzioletan lanean aritutako beharginei omenaldia egitea helburu duen erakusketa ipini dute Barakaldon, udal aretoan. Oroitzapenaren zirrara izenarekin, Herrialde Katalanetako hiru emakumek egindako 41 pintura lan jaso dituzte, eta hilaren 29ra arte bisitatu ahal izango da.

Erakusketa horren bitartez, gogora ekarri nahi izan dituzte 1970 eta 1980ko hamarkadetako industria birmoldaketaren ondorioz lanpostuak galdu zituzten langileak. Beren eskubideen alde zelan borrokatu ziren azaleratu gura izan dute Pepi Roig, Gloria Badosa eta Maria Oms Jane artistek. Haiek erakutsitako “adorea, zintzotasuna, elkartasuna eta gogoraraztea merezi duten beste balio garrantzitsu batzuk” azpimarratu gura izan dituzte, “gizateriaren ondare gisa”.

Antolatzaileek azaldu dute helburu bikoitza duela erakusketak. Batetik, emozioei lotutako aldea dago: “Izan ere, erakusketa beharginen duintasunaren, lanbide gogor eta arriskutsuaren, borrokaren eta pairamenaren isla da”. Bestetik, azaldu dute helburu artistikoa ere baduela: “Gaiak berak, formen espresibitateak, konposaketak eta koloreak, autore bakoitzaren teknikak lengoaia artistikoan aplikatuta, ikusleari emozio txiki bat transmititzen diote”.

Pepi Roigen (Bartzelona, 1958) hamar akuarela daude ikusgai erakusketan. Gloria Badosak (Argentina, 1953) hamalau olio lan eraman ditu Barakaldora. Maria Omsek (Girona, 1953), azkenik, teknika mistoarekin landutako eta olioz egindako hamazazpi mihise margotu ditu. Hiru margolari horiek nerabezaroaz geroztik dabiltza pinturaren munduan murgilduta.

Orain artean hainbat erakusketa egin dituzte bakarka. Honako honetan, ordea, elkarrekin landutako proiektua aurkeztu dute, betiere bakoitzaren estiloa errespetatuta.

Ontziolak, Choya zentroan

Antzeko gaiari eusten dion beste erakusketa bat ere ikusgai dago Luis Choya Almaraz Barakaldoko Historia eta Ingurumen Interpretaziorako Zentroan. Jon Rodriguez Bilbaoren eskutik (Zornotza, 1968), Arima hondartua lana bisita daiteke, datorren martxoaren 12ra arte.

Euskal Herriko ontziola guztietan ateratako argazkiz osatuta dago erakusketa, eta ontziolen sektorearen errealitatea azaleraztea du helburu. Beharginak, ontziola bera eta industria laguntzaileen egunerokotasuna ezagutu ahal izango dira.