Ogi berri, pistola zahar

Haizeak Gabonetako apaingarri guztiak hegaz eraman ditu, eta, azkenik, urte berriari hasiera eman diogu konfeti eta petardo barik. Kaleko argien distirak ez digu utzi ikusten, itsu utzi gaituzte, eta bolandera eta petardoen zaratak, gor. Beste zenbaki bat estreinatu dugu, eta urteko azken egunean ehunka proposamen xuxurlatu dizkiogu urte berriari. Topa egin bitartean, tabernako zapian zerrenda luzea idatzi dugu. Bai, zerrendaren lehenengo postuan gimnasioa dago. Beste behin, izena eman eta bi astez ez dugu klasera kale egingo. Bigarren postuan, dieta hitza idatzi dugu. Jakiekin zorrotz jarriko ez bagara, neurtu egingo dugu jatekoa. Esaterako, ogia albo batera utziko dugu. Asmo berriari gogor eutsi diogu urteko lehenengo egunetan. Baina kalean goazela etengabe okindegiak ikusten ditugu. Zapata denda zegoen lekuan, okindegia zabaldu dute. Bilboko kale batzuetan zazpi okindegi zenbatu ditugu bata bestearen atzean. Gure tripen imajinazioa da edo okindegiz bete da gure hiria? Ogia mendeetan zehar oinarrizko elikagaia izan da, gosete asko salbatu ditu ogi apurrak, baina dietaren elikagaien aniztasunari esker, ogiak jendearen oinarrizko elikagaia izateari utzi zion. Urte berriarekin prezioek ere gora egin dute, eta horrek ogiaren prezioaren igoera ekarri du. Tentazioari ezin eutsi, Kale Nagusiko okindegi berrian sartu gara, eta, hara, bitxi dendan sentitu gara. Bazkaritako lagungarria dugun plazer txikia erostean, ez dugu jakin urrezko eraztuna edo erregearena aukeratu behar genuen. Garai berriak dira gaur egungoak, eta oinarrizko alimentua luxuzkoa bihurtu da. Dendariak hamaika azalpen eman dizkigu apaletan dituzten bitxien inguruan; opil txikia, gurinezko opila, egur ogi handia, txapata barra, integrala, zekale ogia… Guk pistola bat nahi dugula esan diogu. Gaztetan, goiz erdian jaten genituen tirorik botatzen ez zuten pistolak luze eta meheak ziren. Etxe beheko ogi saltzaileak oparitzen zizkigun. Flauta itxura zuten, mehe eta luzeak, baina barra handia zuen zapore berbera zeukan, ala hobea. Opil bereziak ziren, bat-bateko gosea asetzeko modukoak. Bitxi dendako dendariak harridura aurpegiarekin erantzun digu; “Sentitzen dut, baina gure labean ez da pistolarik egiten”. Gabon zahar egunean petardoak edo tiro hotsak entzungo nituen? Urte berriko asmoen zerrenda zakarrontzira bota eta auzoko betiko okindegira sartu eta pistola erosi dugu; urte berriarekin garai berriak datoz, asmo berriak… Baina tirorik gabeko pistolak jaten jarraituko dugu, dieta hitza gure zerrendatik ezabatuz.