Lurrari lotutako proiektuak abian

Urte berria lur berriekin hasi dute nekazaritza eta abeltzaintza alorretan burubelarri aritu beharko duten bederatzi gaztek. Bederatzi lursail, bederatzi gazte eta beste horrenbeste etorkizunerako asmo jarriak dira martxan. Foru aldundiak laugarren aldiz egin du Lurren Bankuko lursailen banaketa. Zortzi gizon eta emakume bakarrari egokitu zaizkie. Barraskilo granja, ortuariak, landareak, fruituak eta abelburuak jarriko dituzte.

Loiu eta Mundakako udalek eta foru aldundiak berak emandako 20,4 hektarea dira esleitu dituztenak. Bederatzi nekazari eta abeltzain berrietatik zazpi Loiun hasiko dira lanean. Bertan Bizkaian izango den lehenengo agrogunea eratuko dute. Zazpiak, beraz, ekoizpen eremu berean arituko dira, instalazioak eta jardunbide ekologikoa partekatuta. Hala azaldu du Bizkaiko Nekazaritza Sailak.

EHNE Bizkaiari ekimena “interesgarria eta beharrezkoa” iruditzen zaio. “Ez bakarrik lurra banatzeko, baita lurraren inguruan dauden espekulazioa eta antzekoak ekiditzeko ere”, esan du Unai Aranguren sindikatuko kideak. “Praktikan”, ordea, “zenbait “gabezi” antzeman dituzte.

“Erreminta interesgarria izan daiteke instalazio prozesuan dauden gazteentzat. Hala ere, administrazioak daukan nekazaritza ikuspuntua askotan ez da ondo uztartzen gazteen ikuspegitik”, esan du Arangurenek. Izan ere, dio gazte gehienek proiektu agroekologiko bat daukatela buruan. “Nekazaritza horrek bere funtsa dauka lurrari lotutako produkzioan, biodibertsitatean, dibertsifikazioan eta salmenta zuzenean, besteak beste. Administrazioa, ordea, atzerago dabil eta uste du lursail bakoitzean ekoizpen bakarra egin behar dela. Beraz, banaketak egiten ditu sailka: zati honetan ortua, beste honetan oiloak… Gure ustez, proiektu integralagoak egin beharko lirateke eta zati bakoitzean gauza bat baino gehiago landu”.

Azpiegituren aldetik ere “arazoak” egon direla azaldu du, bestalde: “Ur hornidura ez dute eraman edo negutegiak jartzeko arazoak sortu dira”, esan du. Lurrak eskuratzeko “eskaria egon badagoela” dio Arangurenek. Zentzu horretan, “udalak Lur Funts honetan inplikatu beharko liratekeela” deritzo. “Udalek lur asko izan ditzakete. Gutxienez, udal bakoitzak bere lur funtsa eratu beharko luke”, adierazi du. “Gero eta eragile sozial eta administrazio gehiago inplikatzea” aldarrikatu du. Foru aldundia “astiroegi” doala deritzo, gainera, EHNE Bizkaia sindikatuak. “Gazte asko dago lurra eskuratzeko gogotsu. Eta krisiak ere eragina izan du”.

Agroguneak, irla modukoak

Loiuko agrogunearen ereduari dagokionez, “bi aurpegi” dituela uste du: “Bizkaia osoan nekazaritza suspertzea eta herri guztietan banatzea nahi dugu guk; ez egotea kokatuta leku bakar batzuetan. Agrogune batzuk interesgarriak izan daitezke herri guztietan bultzatzen baditugu”.

Eremu horiek “irla modukoak” direla azaldu du. “Nekazaritza lantzen duten eremu zehatzak dira. Nekazaritza bizirik egotea nahi dugu guk, ordea, herri guztietan, sakabanatuta eta elkarrekin harremanetan. Ez industriagune moduko batzuetan. Historikoki horrela izan da, eta baserriak egin du biodibertsitatea eta ingurumenaren kudeaketa naturala”, ondorioztatu du.

Lurren Bankuaren bosgarren esleipena egiteko lanean ari da foru aldundia. Datorren martxoaren 1ean zabalduko dute eskaerak egiteko epea.