Ekialdetik hariari tiraka

Erakusketa

Bilbo

Haritik. Ekialdeko txotxongiloak izeneko erakusketa bisitatzeko aukera dago Ondare erakusketa aretoan, Bilboko Maria Diaz Haro kalean. Panpin horiek manipulatzeko era eta estilo desberdinak ezagutzeko modua izango dute bisitariek, hilaren 16ra arte.

Zazpi herrialdetako txotxongiloak jarri dituzte ikusgai erakusketan. Sri Lanka, India, Indonesia, Birmania, Txina, Japon eta Vietnamen antzerki eredu hori zelan lantzen duten ezaugut daiteke bertan.

Horretarako, 130 txotxongilok osatutako lagina eraman dute Ondare aretora. Denak ala denak TOPIC Tolosako Nazioarteko Txotxongilo Zentrokoak dira.

Bertan, txotxongiloak manipulatzeko Asian erabiltzen dituzten sei teknika nagusiak daude ikusgai. Hain zuzen, itzalak, haria, eskularrua, ura, hagatxoa eta Bunraku izeneko teknikak ezagut daitezke. Teknika horietako batzuetan maisuak dira ekialdeko zenbait herrialdetan. Indian edota Txinan, esaterako, munduko beste edozein txokotan lortu ez duten teknika aberastasuna eskuratu dute.

Teknika desberdin horiei dagozkien hainbat adibide bertatik bertara ezagutzeko aukera izango dute bertaratzen diren heldu zein gaztetxoenek. Izan ere, besteak beste, erakusketan itzal pantaila baten barruan dauden itzal txinatarrak ikus daitezke.

Horrez gain, 1960. hamarkadako hagaxka txotxongilo txinatarrak ere erakusgai daude; baita XIX. mende bukaerako eta XX. mende hasierako hari txotxongiloak. Horrez gain, Taiwan eta Txinako eskularru txotxongiloak ere ekarri dituzte.

Abenduaz geroztik dago zabalik erakusketa. Astelehenetik domekara bisitatu daiteke. Astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:00etara dago zabalik, goizez. Arratsaldez, bestalde, 17:00etatik 21:00etara bitartean irekiko ditu ateak. Zapatuetan goizeko ordutegian besterik ezin da bisitatu: Ateak 10:00etan irekiko ditu eta 14:00etan itxi.

TXOTXONGILOAK

Zer. Munduko txontxongilo eta teknika ezberdinen inguruko erakusketa.

Non. Bilboko Ondare aretoan, urtarrilaren 16ra bitartean.