“Egoerak identifikatzea eta euren autonomiari ahalik eta luzeen eustea da helburua”

Osasuna eta gizarte zerbitzuak sarri eskutik doazen gaiak izanik, Uribe eskualdean bi alorrok elkarrekin lanean jartzeko arreta protokoloa jarri dute martxan, Eusko Jaurlaritzaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta eskualdea osatzen duten 24 udalerrien arteko elkarlanari esker. Programa aitzindari horren xehetasunak azaldu ditu Mari Luz Marques (Bilbo, 1961) Osakidetzak eskualdean duen kudeatzaileak.

Zertan datza zehatz akordioa?

Gizarte zerbitzuak eta osasuna lotzen dituen hitzarmen batean ari gara lanean. Duela urtebete inguru hasi zen eta ibilbide luzea izango du. Osakidetzak eta 24 udalerriek oraintsu sinatu dugun hitzarmena landu nahi ditugun alderdi ugarietako bat baino ez da. Osasun eta gizarte arloetan inplikatuta dauden eragileen elkarlanean datza.

Lan esparrua oso zabala da. Izan ere, era desberdinetako herritarrak barneratzen ditu. Besteak beste, mendekotasuna izan dezaketen adinekoak, babesik gabe dauden herritarrak, buruko patologiak dituztenak, haurrak, tratu txarren biktimak diren emakumeak… Guk zatietan banatu dugu osotasun hori eta atalka landuko dugu. Orain, batez ere, adinekoak hartu ditugu ardatz. Mendekotasun egoeran edo arriskuan dagoen nagusia dugu jomuga, etxean zein egoitza batean bizi dena.

Inguru horretan inplikazio zuzena dutenak Osakidetzako profesionalak eta udalerrietako gizarte langileak dira. Lehenengo hitzarmena ondoko alorrak zehazteko egin dugu: Zelakoak izango dira gure harremanak? Zelan ekingo diegu afera hauei? Zelan esku hartuko dugu eta zelan egingo diogu jarraipena adineko pertsonei bizi diren eremuan? Osasun eta gizarte zerbitzuen eremuetako profesionalen lantaldeak eratu ditugu, alor horietako lehen arretako beharginekin —medikuak, erizainak eta gizarte langileak—. Proiektuan zaharren egoitzako medikuak eta erizainak, foru aldundikoak, larrialdi zerbitzuetakoak eta gizarte langileak ere badaude, herritar horiek eremu horietara jo dezaketelako.

Eta zelan gauzatuko da protokoloa?

Orain artean ere harremanetan geunden gizarte langileekin. Orain, kontaktu hori sistematizatzea da gure helburua; hau da, osasun arloko langileek eta gizarte beharginek osatutako ekipo egonkorrak eratzea. Hilero batzartuko dira eta adinekoen beharrizanak antzematea dute xede.

Beharrizan horiek aldatuz doaz urteen poderioz. Hasiera batean baliteke adinekoak autonomoak izatea; gero, ordea, mendekotasun arriskuan sar daitezke eta beharrizan hori sortu. Helburua egoera identifikatzea da, jakiteko zein puntutan dauden eta lortzea euren autonomiari eutsi ahal izatea ahalik eta denbora luzeenean. Eskuragarri dituzten baliabideak ezagutaraztea ere lortu gura dugu. Izan ere, batzuetan gertatzen da baliabideak egon arren, ez dituztela erabiltzen ezagutzen ez dituztelako.

Orain artean zelan gauzatzen zen pertsona horienganako arreta zerbitzua?

Eskaeren araberakoa zen. Inplikatutako agenteetako batek, osasun arlokoak zein gizarte zerbitzuetakoak, beharrizan bat antzematen zuenean, bestearekin harremanetan jartzen zen.

Aldaketa nagusia da pertsona horiek ezagutzen joango garela beharrizana azaldu ere ez denean egin. Informazioa ematen diegu, zein itxaropen duten jakin, beraien ingurua ezagutu. Isolatuta dauden jakin, eta, hala bada, beharrezko baliabideak helaraziko dira; besteak beste, suteak antzemateko gailuak eman edo Beti On telefono bidezko alarma sistema euren esku utzi. Euren errealitatea ezagutzea dugu helburu, ez soilik osasunarekin lotutakoa, baita soziala ere. Horren bitartez, sortuko diren beharrizanei aurrea hartuko diegu.

Zer nolako metodologia darabilzue?

Balorazio geriatriko integrala darabilgu. Aspektu klinikoak, funtzionalak, kognitiboak eta sozialak aztertzen ditugu. Egituratuta dagoen balorazio bat da. Pertsona horien beharrizanak komunean jartzen ditugu dagozkien alorrean bidera daitezen.

Sendagilera doazenean antzematen al dira beharrizan horiek?

Bai, baina sarri gizarte zerbitzuen bitartez gertatzen da. Senideren bat baliabideren bati buruz galdezka joan ohi da zerbitzuotara eta han hasten da prozesua. Beharrizanak agertu aurretik prebenitzen saiatzea da helburua.

Sistema aitzindaria dela esanez aurkeztu duzue.

Ez dakit aitzindaria den ala ez. Argi dagoena da honen indarra zein den: Oso eremu desberdinetako agenteak eseri gara mahai gainean. Helburu komuna ezarri dugu; interesatzen zaigun populazioa identifikatu dugu eta lanean hasi gara. Guzti hori 24 udalerrirekin.

Esperientzia hori beste eremu batzuetara zabaltzeko asmoa ere badago, ezta?

Bai. Egitura hau oso erraz estrapolatu daiteke beste leku batzuetara. Errazagoa izango da udalerri gutxiago dauden eremuetan gauzatzea eta zailtasunak aurki daitezkeen arren, hedatzeko erraza dela uste dugu.

Zenbat pertsonak izan litzakete beharrizan hauek?

Kopuru zehatzik ematerik ez daukat. 65 urtetik gorako populazioa hartu dugu guk erreferente modura, baina adin horren barruan denetariko egoerak daude.

Mendekotasun arriskuan dauden edo mendekotasun arazoak dituzten adinekoekin abiatu duzue protokoloa. Gainerakoengana noiz zabalduko duzue programa?

Urtarrilaren 23an berriz batzartuko gara hurrengo atalarekin hasteko: Egoitza batera joateko beharrizana duen adinekoa, mendekotasun maila handia duelako. Ostean etorriko dira besteak. Proiektu bat martxan jarri, jarraipena egin eta ebaluatu egiten dugu. Bien bitartean hurrengoa osatzen hasten gara hori ere martxan jartzeko, jarraipena egin eta ebaluatzeko.