San Mamesko sarbidea ireki eta Sabino Aranakoa zarratu du aurten Bilbok

Joan den uztailaren 5ean hasi zituzten Bilbon Sabino Aranako zubibidea eraisteko lanak. Zenbait hilabete lehenago, hiribururako sarbide horren ordez San Mamesko berria erabiltzen hasiak ziren gidariak. Maiatzaren 18az geroztik, hain justu, hainbat alternatiba dituzte Bilboko hegoaldeko sarbide hori aukeratzen dutenek. Zabalbururako, Juan Garai kaleko sarrera zabalik dago; Barakaldo aldetik datozenentzat eta Indautxu aldera joan gura dutenek, berriz, San Mamesko sarbidea erabiltzen dute harrezkero. Lehen egunean arazoren batzuk izan ziren, baina gerora normaltasuna izan da nagusi.

“Pozik” daude Basurtuko bizilagunak Sabino Aranako sarbidea itxita dagoenetik. Oraindik, hala ere, hiriburua A-8arekin lotzen duten taulak kentzea falta dela ekarri du gogora Javier Muñozek, Basurtuko auzokideen elkarteko presidenteak. “Pena” agertu du, hala ere, lanak lehenago hasi ez zituztelako.

Izan ere, Muñozek gogora ekarri duenez, hainbat eta hainbat urtetan Basurtu auzoko bizilagunek zarata izugarria pairatu behar izan dute: “Ia 80 dezibelera artekoa egunez, eta 75ekoa gauez”. “Asko kostatu da” gaur egungo egoerara iristea. “Erakundeek kontuan izan beharko luketen zerbait da hori. Hogei urtetik gorako denbora gehiegizkoa da. Gainera, bateko zein besteko gobernuetan egon diren alderdi politikoek hauteskunde kanpaina bat hurbiltzen zen bakoitzean hitzematen ziguten konponbidea”.

Basurtuko bizilagunekiko “zorra” ere kitatu gabe dagoela ekarri du gogora Muñozek. Nafarroako Unibertsitatearen eskutik zarataren eragina neurtzeko azterketa bat eskatu zuen elkarteak. Azaroaren 29an EAEko Auzitegi Nagusiak zer ebazpen eman zuen jakiteko zain daude orain. “Esan digute hilabete inguru beharko dutela publiko egiteko”.

Auzorako proiektu eske

Gaur egun Bilboko Udalarekin eztabaidatzen ari dira zubibidea kenduta “hutsik” geratuko den eremuan zer egin. “Etorbide zabal bat egitea gurako genuke guk. Eta Masustegi etorbidearen ondoan, parke handi bat. Basurtun ez daukagu horrelakorik. Izan ere, hemen hirian sartzen ez zen guztia jarri dute: ospitalea, Erruki Etxea, Foru Ogasuna, EITB…”. Muñozen esanetan, “zerbitzu eta atseden guneak” falta dituzte. Bestalde, aitortu du sarbide berriekin beste auzo batzuetan kexu direla, ibilgailuen joan-etorria igo delako. Muñozek, baina, zirkulazioa “orekatuagoa” eta “banatuagoa” ikusten du horrela.