“Orain 50 urte arrantzatzen zen modua berreskuratu behar da”

Itsasoa ederto ezagutzen du Leo Belaustegi Alberdik (Mutriku, 1950). Arrantzalea izan zen 31 urtez, eta LAB sindikatuko Arrantza arduradun nazionala hamalau urtez. Gaur egun, Ondarroa 12 Milia taldeko kidea da. Asko dute esateko eta egiteko.

2010. urteko maiatzean sortu zen Ondarroa 12 Milia. Arrantzaleek, biologokoek, natur taldeko kideek… era askotako jendeak osatu zuen taldea, ikusita “Euskal Herriko kostan gero eta arrain gutxiago zegoela, espezieak desagertzen ari zirela eta, azkar neurriak hartu ezik, urte gutxian ondorio txarrak etor zitezkeela”.

Ondarroako Kofradia Zaharrean egin zuten lehen bilera, gizarteari itsasoan zer gertatzen den jakitera emateko helburuarekin. Eta, hamabi miliei begira, alternatiba batzuk ere planteatu zituzten, gaur egungo arrantzaren egoerari irtenbidea emateko.

Izan ere, gune horretan egiten den arrantza motak erabateko aldaketa izan du azken urteetan. “Orain 50 urte arrantzatzen zen modua berreskuratu behar da. Baxurako ontziek artisau arrantza egiten zuten gehiago, arrantza iraunkorra egiten zuten gehiago, joan eta etorriko arrantzualdiak egiten ziren”. Hortik sortu ziren belaunaldi berriak: “Horrela hasi ginen arrantzan”.

Aldaketek izandako eragina zein den ikusita, taldearen helburua da gune hori —plataforma kontinentala— berreskuratzea, orain 50 urteko arrantza jarduera berriro indarrean jartzea. “Azken urteetan, edozein arte erabilita egiten da arrantzan, kontrol barik”. Arrasteontziek itsas hondoa “garbitzen” dutela ikusita, “ezinbestekotzat” jotzen dute horiei hamabi milian arrantzatzea debekatzea, bai eta inguratze sareak erabiltzen dituztenen harrapaketak “mugatzea” ere.

Alturako ontzien “harrapaketa basatia” ere mugatzea nahi dute; izan ere, espezie asko desagertu dira: bisigua da nabarmen desagertu den bat. “Azken hogei urtean, ia ez da bisigurik harrapatzen”. Arrainaren amaiera, baina, ez da izan harrapaketaren ondorioa bakarrik. Kutsadurak ere kalte handia egin du.

Capbreton, haztegi naturala

Kala horretako espezie gehienak, denak ez esatearren, Capbetrongo itsas hobiko elikagaiei esker sortzen dira. “Hegoaldeko eta Iparraldeko aldapa horiek babestu beharra dago, hor dagoen arrainari etorkizuna emateko”.

Arrainak bizi zikloa egitera joaten dira Capbretongo itsas hobira, arrautzak ipintzera, eta, ia gehienetan, arrautzak bota baino lehenago arrantzatzen dituzte, desagertzeko arriskuan jarriz: “Antxoarekin hori pasatu zen, eta berdelarekin eta txitxarroarekin ere arazoak daude”. Artisau arrantza egingo balitz, eta babesguneak balituzkete, espezie gehienek aurrera eroan ahal izango lukete bizi zikloa.

Epe laburrerako arrantza edo epe luzerako arrantza planteatu: hor dago gakoa. “Profesionalek epe laburrerako arrantza planteatzen dute, eta, beharbada, justifikatuta dago, hortik bizi behar dute eta”. Edonola ere, egoera ikusita, “derrigor” hartu behar dira neurriak, “gure ondorengoek antxoa edo legatza jatea nahi badugu, eta gazteek arrantzan egitea nahi badugu”. Izan ere, oraingo lan baldintzak zeintzuk diren jakinda, inork ez du itsasora joan nahi. “Gaur egun, belaunaldia galduta daukagu. Eguneko arrantza sortuko bagenu, artisau arrantza horrek ahalbidetuko luke gazteek itsasora joan nahi izatea, emakumeek ere bai, beste leku batzuetan gertatzen den legez”. Arraina ugaritzeak eta espezieak lehengoratzeak mugimendua ekarriko luke portura.

Arrantza politika berria

Aldaketak “gutxika-gutxika” egitea proposatzen du Ondarroa 12 Miliak. Barruko urak Jaurlaritzaren eskumena dira, eta ur horiek babesteko eskaria egin diete agintariei. Lehen hamabi miliako tartea Espainiako Gobernuaren eskumena da, eta handik aurrerakoa Europako Batasunekoa.

Eta, Europan, arrantza politika berria martxan ipiniko da urte berriarekin batera, arrantza iraunkorra babesteko: “Neurriek balio behar dute arrainek kalak berreskuratu eta arrantzaren etorkizuna bermatzeko”.