Laugarren boterea

Azaro amaierako EITBko administrazio kontseiluan gai bat jarri zuten mahai gainean PP eta PSEko ordezkariek. Aurreko egunen batean, ETAko preso ohi bat elkarrizketatu zuten Radio Euskadin, eta horrek talde armatuaren historia eta helburu politikoak lortzeko biolentzia erabiltzea defendatu omen zuen (ez dut entzun elkarrizketa). Horrelakorik berriz ere emititu ez dadila eskatu zuten konstituzionalistek, eta EITBko zuzendari orokorrak onartu egin zuen eskaera, oinarri etikoak argudiatuz.

Kazetaritzaren funtzio sozial minimoa onartuta, oinarrizko balioak zabaltzeko betebeharra duela uste dut, tartean, gizartearen jarrera kritikoa. Eta horretarako ezin zaio dena mastekatua eman ikus-entzule edo irakurleari, horretarako pentsatzen utzi behar zaio. Mugaren bat egon behar dela uste dut neuk ere, baina non jarri? Zer emititu daiteke eta zer ez komunikabide publiko batean? Zer da zuzena, zer zilegi? Oso gai arantzatsua da informazioa jasotzeko eskubideari mugak jartzea.

Tristea da Euskal Herrian, oraindik, kazetaritzaren funtzio sozialaren inguruko adostasunik lortu ez izana. Tristea da eztabaida behar den moduan planteatu ere egin ez izana. Tristea da kazetaritza politikarien aje eta keria berez kutsatuta ikustea. Eta hori guztia tristea da kazetaritza delako herritarrak aske bihur ditzakeen botere bakarra.

EITBko administrazio kontseiluko oinarri etikoei jarraituta, BBC kate britainiarrak ez luke inoiz emititu izango, otsailaren 3an, Tony Blairri egindako elkarrizketa, interbentzio militarren aldeko iritziak eman zituelako bertan. Eta Estatu Batuetako NPR eta PBS komunikabide publikoek ez lukete inoiz Guantanamo eta heriotza zigorraren inguruko debaterik emango, eztabaida batean alde bietako iritziak behar direlako. Eta nahiz eta publikoa ez izan, herrialde bereko CNN kateak ez lioke inoiz Anjem Choudari imanari elkarrizketa egin izango (2010eko urriak 29), hitzez hitz esan baitzuen: “Atakeak egiteko prest dauden pertsonekin harremanetan nago, jakina”. Eta TVEk ez luke inoiz aireratuko, 2011ko martxoaren 15ean, Mahmud Ahmadinejadi egindakoa. Eta egungo krisiaren ondorioz supermerkatuetan egindako lapurreten aldeko lagunik ez genuke komunikabideetan ikusiko. Azken batean, bakoitzak bere moduan, bere eremuan eta bere mailan biolentzia defenditu izan baitu.

Zer ikusi behar dugu, orduan? Benetako zentzu kritikoa pizteko entzun nahi eta entzun nahi ez ditugunak eskaini beharko zituzkeen kate publiko batek. Eta ez soilik unean uneko botereak markatzen dizkionak.