Lanuzteetatik errepideetara

“Gaur ez dago autobusik?”. Sarritan entzun da herritarron ahotan aurten. Bizkaibus autobus zerbitzuan irailean eta urrian sortutako gatazkak eragin nabarmena izan zuen erabiltzaileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak Bizkaibus berregituratzeko plana aurkeztu zuen uztailaren 30ean. Datozen hamar urteetarako kudeaketa zehazteko baldintzak onartu zituen. Urrirako iragarri zituen esleipenak. Planaren baitako aldaketen artean zeuden, esaterako, zazpi linea kendu eta beste hamabost linea fusionatzea. Kentzekoen artean: Mespelerreka-Barakaldo, San Juan-Santurtzi, Barakaldo-Sestao-Repelega, Artxandarakoa, Santa Marinarakoa, Bilbo-Basauri-Galdakao eta Bilbo-Etxebarria-San Antonio. Eraginik handiena, Ezkerraldean eta Meatzaldean izango luke.

Sindikatuak aho batez azaldu ziren birmoldatze planaren aurka. ELA, LAB, CCOO, USO eta UGT: denek egin zuten bat. Horien arabera, urtean milioi bat bidaiari zerbitzurik gabe uztea zekarren foru aldundiak proposatutako planak. Gainera, zerbitzuan egindako murrizketez gain, kaleratzeak ere etorriko zirela aurreikusten zuten sindikatuek. 1.700 lanpostutik, 300 kinka larrian jarriko zirela salatu zuten. Aldundiarekiko aurkakotasunak kalera eraman zituen sindikatuak. Irailaren 24tik hasita hainbat mobilizazio eta lanuzte egin zituzten. Irailaren 26an egun osokora deitu zuten. “Erabateko erantzuna eta arrakasta” izan zuela adierazi zuten sindikatuek.

Adostasunik lortu ezean, lanuzte eta mobilizazioekin jarraitzeko deia ere egina zuten urrirako. Baina negoziazioek hitzarmenera eraman zituzten irailaren 30ean. Besteak beste, lortutako akordioan jasotzen da Bizkaibuseko lehiaketan irabazitako enpresak ordura arte lanean dauden beharginak hartuko dituela. ELA, CCOO, USO eta UGT gustura geratu ziren akordioarekin; LABek, ordea, ez zuen bat egin. Urrirako antolatu zituzten mobilizazioak bertan behera geratu ziren. Hilabete hartan egin behar zen esleipena, baina, oraingoz, egiteke dago. 2014an adjudikatuko da datozen hamar urteetarako zerbitzuaren kudeaketa. Datorren urteko aurrekontuetan, 79 milioi gorde dituzte horretarako.

LAB akordioaren aurka

Akordioan lanpostuak eta lan baldintzak bermatzen direla uste dute Bizkaibuseko langile batzordean ordezkaritza duten bost sindikatuetatik lauk. Horretaz gain, administrazioak eta langileek osatuko duten batzorde mistoa sortzea ere onartu zuen foru aldundiak. Batzordearen zeregina litzateke akordioa errespetatzen dela baieztatzea, eta, gerora, komunikazioari eustea. Adostutakoaren arabera, hiru hilabeterik behin bilduko dira lau sindikatuak eta diputazioa. Dena den, batzordeak ez du erabakitzeko ahalmenik izango, proposamenak egiteko gunea izango da.

LAB horren aurka azaldu da erabat. Alderdi, sindikatu, udal eta gizarte eragileen mahaia aldarrikatzen du, Bizkaibuseko egiturari errotik heltzeko, berri bat egiteko. Bestalde, ez dute espero akordioan hitzartutakoarekin zerbitzua hobetuko denik. Horrek lanpostuen galeran eragingo duela uste dute. Eta oraindik ez dago argi planean proposatutakoak bere horretan aurrera egingo duen ala ez.