Basterretxeari gorazarre

Nestor Basterretxea osoa bildu nahi izan dute aurten Bilboko Arte Ederren Museoko arduradunek. Haren urtea izan da. Bermeoko sortzailearen ertz guztiak arakatzen dituen atzera begirakoa eskaini diote Bilbon. Sekula egin zaion gisa horretako erakusketarik zabal eta osatuena izan da, eta otsailean ireki eta maiatzaren 13ra arte egon da zabalik. Peio Agirre komisarioarena da deskribapen orokorra: “Irudimenak, fantasiak eta utopiak blaitutako obra da Basterretxearena”. Eta hori guztia bildu nahi izan dute erakusketan. Forma eta Unibertsoa izendatu, eta harrera ona izan du erakusketak. Baina ez da izan sortzaileak aurten jasotako omenaldi bakarra.

Juan Daniel Fullaondo arte kritikariak kaleidoskopio gisa deskribatu zuen Basterretxearen etorri artistikoa, eta horixe da Agirrek Bilboko erakusketan erakutsi nahi izan duena: Basterretxea guztiak batzen dituen Basterretxea hori, hain zuzen ere. 60 urteko ibilbidean sortutakoaren gaineko errepasoa. Marrazki, margolan, pelikula eta eskultura, hasieratik azken urteetara arte.

1936ko gerra zela eta, Donibane Lohizunera (Lapurdi) jo zuen Basterretxearen familiak. Parisen izan zen Picassoren Gernika ikusten, eta Buenos Airesera joan zen 19 urterekin. Han izan zuen lehen lan artistikoa, gozogintza enpresa baterako publizitate bulegoan. “Marrazkiak egiten nituen, diseinuak. Eta marrazten hasi nintzen jenioak ez beste guztiak hasten diren bezala, imitatzen”. Eta hortik aurrerakoak dira erakusketakoak, Basterretxearen garaikako erretratua.

1950eko hamarkadan sortutako lehen piezetan, Le Corbusier eta Ben Nicholson omendu zituen artistak. Abangoardia geometrikoari jarraika sortutako artelanak. Eta, konbentzioak alde batera uzteko asmoz, material berritzaileak erabili zituen horretarako: arpillera eta burdina, adibidez. Baina hasiera da hori; gero dator kaleidoskopioa. Izan ere, zabala da bilduma. Gaur, kontuan hartu dituzte taldearekin sorrera garaiko lanak, Arantzazuko Basilikarako (Oñati, Gipuzkoa) egindako muralak, hirugarren dimentsioarekin egindako esperimentuak, kartelak, fotomuntatzeak eta bolumetriak ere. Horiek eta baita eskulturak ere; bestetik, publikoak eta baita bestelakoak ere, Euskal kosmogonia izeneko bilduma tartean.

Gertu, baina aparte

Bermeotarrak gertukoa zuen Oteiza; artistak biak, eskultoreak ere bai. Baina hor dator Basterretxearen oharra: “Ez nintzen eskulturan hasi Oteizaren eraginez”. Eta jarraipena dator gero: “Ez nituen ibili Oteizak magikoki eta poetikoki urraturiko bide zoragarriak, beste batzuk baizik”. Artistak sortutako filmek ere izan dute zikloa, bestetik. Ezagunak dira horietariko batzuk: Ama Lur eta Pelotari, adibidez.

Baina zabala izan da Basterretxearen urtea; ez da Bilboko Arte Ederren Museoko atzera begirakora mugatu. Haren lanak erakutsi dituzte Irunen eta Trapagan herriko Zugaztieta auzoan ere, adibidez. Gipuzkoan egindakoan, esaterako, artistaren ehun lan batu dituzte.