Azken 30 urteetako suterik gogorrenak astindu zuen Bermeoko alde zaharra

Bermeoko bizilagunek nekez ahaztuko dute 2013ko apirilaren 11ko goizaldea. Azken 30 urteetan ezagutu den suterik handiena pairatu zuten alde zaharrean. Nardiz Tar Jon kaleko 23. zenbakian piztu zen. Hiru eraikin goitik behera erori ziren, baina garrek kalteak egin zituzten hamaika eraikinetan. Bat-batean, 35 sendi etxe barik geratu ziren; foru aldundiak San Martin auzoan dituen etxeetan daude orain.

Familion kasuak banan-banan aztertuko dituzte. Idurre Bideguren alkateak azaldu du “foru aldundiak formularen bat aurkitzeko asmoa” duela. “Haiek daude kaltetuekin zuzenean harremanetan. Dena dela, nik dakidanez, alokairu bat eskainiko diete, etxeotan jarraitu ahal izateko”. Bidegurenek uste du neurri horiek urtea bukatu aurretik ez, geroago ezarriko dituztela. Izan ere, “etxeak berritu arte” denbora beharko dela azaldu du.

Gogora ekarri du badagoela aukera erori ziren etxeak berriz eraikitzeko. “Guztietan ari dira pausotxoak ematen. Batzuk azkarrago eta beste batzuk geldoago ari dira, kalteak ez direlako izan berdinak kasu guztietan”. Esan du geldirik dagoen eraikin bakarra sutea sortu zena dela. Izan ere, oraingoz argitu gabe dago zelan piztu zen, zerk eragin zuen. “Ertzainek txosten bat egin zuten; ikerketa enpresa bat ere tartean egon da. Badakit epaitegian lekukotzak jaso dituztela. Dena den, nik dakidanez, oraingoz erabakirik ez da hartu”.

Kalte material handiak eragin zituen suteak. “Etxe bat galtzea, gainera, beste gauza bat galtzea baino gogorragoa” dela ekarri du gogora alkateak. “Etxe batean oroitzapen asko daude; sarri, bertan jarrita dauzkagu etorkizuneko plan guztiak, eta hori galtzeak min handia egiten du psikologikoki. Une gogorrak izan dira, beraz”, adierazi du, ezbeharra eta horren ondorioak gogoan hartuta.

Gaur-gaurkoz zeregin handia dutela dio. Kaltetuek oraindik udalera jotzen dute. “Beharrizanak aldatu egin dira denboraren poderioz, baita udalaren aldetik egin beharreko lana ere”.

Herria, gainera, udaletxerik gabe dago; suak hondatu zuen. “Kultur etxean ari gara lanean. Herri batek, Bermeoren tamainako herria izanik, udaletxe bat behar du”, aldarrikatu du. Hura eraberritzeko lanak noiz egingo diren ez daki, ordea. “Finantzaketaren araberakoa izango da hori”. “Aldundiaren konpromisoa hasiera-hasieratik” izan arren, oraindik lanean ari dira hori lortzeko. “Proiektuaren arabera, 800.000 euro beharko ditugu. Datorren urtean hasiko bagina, 2016rako egongo litzateke bukatuta”.

Elkartasun handia

Ezbehar horrek elkartasun keinu ugari sortu zituen herrian bertan, eta baita handik kanpo ere. “Min hori guztia leuntzeko tratamendua izan zen guretzat”, gogoratu du Bidegurenek. “Kaltetuak oso minduta zeuden, arlo guztietan. Kudeatzen genbiltzanontzat ere une oso gogorrak izan ziren. Laguntza handia edo handiagoa espero genezakeen herriaren aldetik. Baina ikusi genuenean jendeak ahalegin guztia egin zuela, erraztu egin zuen dena”, gogoratu du.