Txipiroiak, saltsarekin edo barik

Urtez urtez errotzen ari dira Lekeitioko Tximinoiaren Jardunaldiak. Aurten, zazpigarren urtez antolatu ditu udalak. Jaialdia gero eta itzal handiagoa lortzen ari da.

Hilaren 1ean hasi ziren, eta domekara arte izango dira. Egun horietan guztietan, jatetxeek eta tabernek txipiroia osagai nagusia izango duten plater eta pintxo bereziak prestatuko dituzte. Alde batetik, herriko jatetxeek menuaren plateretako bat txipiroien errezetekin prestatuko dute. Beste alde batetik, herriko tabernek txipiroiekin egindako pintxoak eskainiko dituzte. Lehenengo saioa aurreko asteburuan egin zuten, eta bihar eta domekan ere egongo da dastatzeko aukera.

Txipiroiaren Jardunaldiak Lekeitiok itsasoarekin, arrantzarekin eta itsasoko bizimoduarekin daukan “harreman bereziaren omenaldi gisa” antolatzen direla esan dute Lekeitioko Udaleko bozeramaileek.

Gaur egun, Lekeitioko ontzien artean gutxi dira txipiroia arrantzatzen aritzen direnak, eta kopuru txikian gainera. “Banan-banan arrantzaleek poteretan harrapatzen dituzte: koloretako harietan bildu, uretan sartu eta eskuz egindako berunezko arrain itxurako piezek txipiroiak engainatu eta harrapatzen dituzte”, azaldu dute. Herrian osagai gastronomiko garrantzitsua izanagatik, orain, gero eta gutxiago arrantzatzen dira.

Sosoaga ikusteko aukera

Txipiroi jardunaldien barruan bestelako ekintzak ere antolatzen dituzte. Aurten ere, “txipiroiekin batera txakolina ederto sartzen delako”, Sosoaga dolarera bisita gidatuak egingo dituzte. Sosoaga dolarea Euskal Herriko txakolin dolarerik zaharrena da. Sosoaga kapitainaren jauregian topatu zuten, eta Santa Elena ermitan dago orain, Lekeition bertan.

Domekan, bada, dolarea ezagutzeko aukera egongo da. Bi bisita antolatu dituzte: 12:00etan eta 13:00etan, hurrenez hurren. Doakoa izango da, eta parte hartzeko aldez aurretik eman behar da izena Lekeitioko Turismo Bulegoan. Lekeitioko Udalak asteburuan Lekeitiora joateko gonbita egin du, txipiroi ederrak probatu eta kultura gastronomikoarekin gozatzeko.