Behetik hasita, bidea zabaldu

Kirol bat loratzen ari da Ezkerraldean: waterpoloa. Aspaldikoa da, 1948an sortu baitzuten Portugaleteko waterpolo taldea. Baina azken bi urteetan gorakada handia izan du. Portugaletez gain, Sestaon Club Deportivo Natacion Burbujas de Sestao taldea zegoen. Azken horrek herriko igeriketa taldearekin bat egin zuen duela bi urte, eta Club Natacion Waterpolo Sestao sortu zuten. Geroztik, gero eta jende gehiagok bat egin du talde berriarekin. Beheko ia maila guztietan taldeak dituzte sestaoarrek: txikiak, kimuak eta kadeteak. Nagusietan bi talde egin behar izan dituzte, 40 bat lagun baitira. Baina denboraldi honetako berrikuntza nagusia Ezkerraldeko lehen emakumezkoen waterpolo taldea da.

Apirilean hasi ziren kirol proiektu berrirako neskak biltzen, eta hamazazpi daude jada. Ezkerraldeko igerilekuak andrez betetzeko prest. Euskal Herriko lehenengo mailan jokatuko dute. Taldea berri-berria da, eta jokalariak inoiz ez dira waterpoloan ibili. Beñat Lopez (Bilbo, 1987) da euren entrenatzailea. Lehenago bazuten emakumeen talde bat, Bilboko Maristas eskolarekin erdi bana. Sestaoko behe mailetan ibilitako hiru neskek han jokatzen zuten. Izan ere, hamabost urtera arte neskek eta mutilek elkarrekin joka dezakete.

Baina Sestaon talde propio bat sortzeko beharra ikusi zuten. Aurreko apirilean eskuorriak banatzen hasi ziren eskualdeko herrietan, andreen talde bat osatu nahi zutela adieraziz. Paper horietan, lehen bilera egiteko eguna jarri zuten, eta zortzi neska bildu ziren. Haietako bat da Arrate Aldana (Barakaldo, 1990). “Kaletik nindoala eskuorri bat eman zidaten, Sestaon nesken waterpolo talde bat sortu nahi zutela esaten zuena”. Ez du inoiz izan loturarik waterpoloarekin, eta txikitan ikasi zuen igeri egiten. Aldana unibertsitate ikasketak egiten ari da, eta ordu asko pasatzen ditu jesarrita. “Kirola egitea ondo datorkit. Hasieran nire kabuz hasi nintzen, baina ez nuen erregulartasunik. Baina talde batean egonda, joateko ardura handiagoa da”, azaldu du Aldanak.

Lehenengo bileran, zortzi neska elkartu ziren. Lopezen hitzaldi txiki baten ostean, uretan sartu ziren, eta proba bat egin zuten. Neskak oso gustura atera ziren lehen saio hartatik, eta taldean sartzea erabaki zuten. Horretarako, gutxienez, hamahiru neska behar dira, eta jada zortzi zeuden. Horregatik, udan kanpaina txiki bat hasi zuten. Eskuorriak banatzen aritu ziren hainbat tokitan; herrietako jaietan, adibidez.

Lehenengo bileran agertutako neskak denboraldi bukaera arte entrenatu ziren. Aldanak dio bi hilabete horietan egindako ariketa asko nabaritu duela. “Kirol honek duen gogorrena behar den erresistentzia fisikoa da. Hala ere, entrenatuz gero, lortzen duzu. Aurreko denboraldian, entrenamenduak bukatu genituenean, neure buruarekin harritu egin nintzen”, gogoratu du. Taldean duten giro ona ere aipatu du: “Denak ezberdinak gara, bakoitza giro batekoa, baina oso ondo moldatzen gara. Pozik etortzen naiz entrenamenduetara”. Gogotsu dago Aldana, badakien arren aurtengo entrenamenduak iazkoak baino gogorragoak izango direla.

Maila guztietan gora

Entrenatzailea izateaz gain, Lopez jokalaria ere bada. Hamahiru urte darama kirol horretan; azken zortziak Sestaon. Duela bi urte mailaz jaitsi ziren, eta taldeko jokalari gehienek alde egin zuten. “Jaitsi ginenean, Eduardo Hurtado entrenatzaileak hartu zuen taldea, eta egin zuen lehen gauza Ezkerraldetik jende berria bilatzen hastea izan zen”, ekarri du gogora. Apurka-apurka jendea hurbilduz joan da, eta, azkenean, sekula baino jende gehiago erakartzea lortu dute.

Euren egoeraren jakitun, iazko denboraldia ikasketa prozesu bat bezala planteatu zuten: “Gehienak berriak ziren, beraz, patxadaz hartu genuen. Denboraldiko ia partida guztiak galdu genituen, hiru izan ezik”. Sestaoarrek denboraldi kaskarra egin zutela dirudien arren, eurek ez dute halakorik uste. Helburu nagusia lortu zuten: “Taldea osatu genuen, baina ez bakarrik jokalariak batu genituelako, baizik eta benetako talde bat ipini dugulako martxan. Oso giro ona dugu aldagelan”, nabarmendu du Lopezek.

Nagusien taldea ondo zihoan, baina gehiago nahi zuten. Ikasturtean zehar eskualdeko ikastetxetako soinketa irakasleekin hitz egin zuten. Waterpoloa zabaldu nahi zuten umeen artean, eta heziketa fisikoko klaseetara joan ziren ur kirol horri buruzko gorabeherak azaltzeko. “Emaitza ezin hobea izan da”. Denboraldi berrian, ia beheko maila guztietan dituzte taldeak. “Gazteetan baino ez zaigu falta taldea, adin tarte horretako lau bat jokalari ditugu. Oraingoz, nagusiekin batera jokatzen dute”.

Modak gainditu nahian

Lopezek azaldu duenez, gaur egun Sestaon gertatzen ari dena ikaragarrizko boom bat da. Waterpoloan daramatzan hamahiru urteetan beti aurpegi berak ikusi dituela dio: “Bost urtean behin waterpolo jokalari belaunaldi bat sortzen da. Baina sekula ez ditugu beheko mailak orain bezainbeste zaindu”.

Bide zuzenetik doazela uste du Lopezek. Harrobia landuz nolabaiteko jarraipena ziurtatzen baitute. Eta gero eta jende gehiago aritzen bada kirol horretan, gero eta ezagunagoa izango da. Emakume taldearekin pauso kualitatibo bat ere eman dutela uste du. Aurtengo denboraldian taldeak indartzea ezinbestekoa izango da etorkizunerako.