Zuhaitzei so, seguru ibiltzeko

Bizkaiko hiriburuan hainbat tamaina, adin eta jatorritako 35.000 zuhaitz baino gehiago daude. Arbolen egoera onari eusteko eta herritarren segurtasuna bermatzeko, Bilbo Udalak hiriko zuhaitzen osasuna kontrolatzeko kanpaina bat abiatu zuen urte bukaeran eta, egundaino, 83 moztu ditu. Gehienak Indi gaztainak, makalak eta akaziak izan dira; baina, zumar, platano eta urkiren bat ere kendu dute. Hilabete bukaeran amaituko da kanpaina, eta, bitartean, 40 berri inguru landatuko dituzte.

Arbolak egitura biziak dira, eta denboraren zein fisikaren legeen menpean edo eraginpean daude. Hori dela eta, zenbait eremu zuhaizdun arriskutsu direla nabarmendu dute udaleko adituek. Egoera txarrean daudenak adarrak galdu edo behera etor daitezke. “Zuhaitzak izaki bizidunak dira, eta bizi-kalitatea hobetzeaz gain, hiria apaintzen dute; baina, hainbatetan arrisku sortzaile bihur daitezke pertsonentzat”, adierazi du Jose Luis Sabas Bilboko Udaleko Obrak eta Zerbitzu Saileko zinegotziak. Iaz bi istripu izan zituzten. Lehena, Casilda Iturrizar parkean gertatu zen; adar handi bat erori zen jende ugari ibili ohi den pasealeku batean. Bestea, Sarrikon jazo zen; ume bati adar bat erori zitzaion gainean. Zinegotziak dioenez, “egun haizetsuek ikara ematen dute, eta udalaren lana da saihestu daitezkeen egoerei aurre egitea”.

Bi motatako istripuak daude: aurrez ikus daitezkeenak eta bat-batekoak. Sabasen arabera, “haizeak gogor jotzen duen egunetan, zuhaitzek ezbeharrak sorrarazi ditzakete, eta horren aurka ez dago asko egiterik”. Hala eta guztiz ere, arbolek gaixotasun baten sintomak agertzen badituzte, udalak esku hartzen du. Haiek zaintzeko kanpainan Josep Selga biologoa aholkulari lanetan aritu da. Zuhaitzen kontrolean eta osasun eskasak ekar ditzakeen arriskuetan aditua da. “Oro har, hiriko arbolen egoera nahiko ona da, gaixotasun larriren bat zutenak %0,3 inguru izan dira, eta hori oso portzentaje txikia da beste toki batzuekin alderatuta”.

Moztu dituzten zuhaitzen artean, ia 100 urte zituen Indi gaztain bat dago. Arbola Uribitarteko aldapan zegoen, eta barrutik ustelduta zegoenez, oinezkoentzat arriskutsua zela erabaki zuten adituek. Haren tokian zuhaitz berri bat landatu dutela adierazi dute; hala ere, berria txikiagoa izango da, inguruan dauden gainontzeko gaztainek haren garapena oztopatu ez dezaten.

Bilboko arboladia oso gaztea da; %25 baino ez dago zahartze zikloan sartuta. Biologoaren arabera, “%0,3k gaixotasun bat dutela esaten denean, kontuan hartu behar da zuhaitzen adina”. Zenbat eta zaharragoak izan, orduan eta istripu gehiago sor ditzakete. Urteekin gaixotasun gehiago hartzeko aukerak handitzen dira, eta, adituen ustetan, auzokideei arazoak sortu baino lehen, “esku hartu behar da”. “Zuhaitzak kudeatzen ditugunean, denbora kudeatzen dugu”, azaldu du Selgak.

Arbola izaki biziduna da, eta bizi-ziklo bat duenez, zahartzarora heltzean, mantentze lan gehiago eskatzen ditu. Biologoak ohartarazi du “adaburua enborraren gainean kokatzen denez haizeari erresistentzia egiten diola eta denborarekin adar horien mugimendua arriskutsua izan daitekeela”. Baina, haizearen eraginaz gain, batez ere lurzoruko aldaketek moldatzen dute arbolen egoera. Askotan, lubakiak egiten dira. Gainera, ur sarerako hodiak eta argiztapenerako kableak sartzen dituzte langileek. Horrez gain, hiriaren diseinuak zerikusia dauka arbolen egituretan. “Espezie bat oso garaia bada, auzokideei gehiegizko itzala eman diezaioke; edo eremua oso haizetsua bada, guztiek ez dute bizirik irauten”, azpimarratu du Selgak. Hori dela eta, adituek toki bakoitzerako espezierik egokiena aukeratu behar izaten dute zuhaitz bat landatu baino lehen. Ezin da edozein arbola edonon landatu, kalterik eragin gura ez bada.

Zuhaitzak nola zaindu

Bilboko Udalak istripuak saihestu nahi ditu segurtasunaren kudeaketarako egitasmoaren bidez. Horretarako, protokolo bat eratu du, eta baliabide teknikoen bitartez, arriskutsuak diren arbolak identifikatu behar dituzte. “Hiri bateko arrisku mapa sortzeko, arazoak dituzten zuhaitzen kokalekua markatzen da, eta horrela, pertsonei gehien eragingo liekeen eremuak detektatzen dira”. Halaxe zehaztu du kanpaina honetan euren egitekoa zein den.

Lehenik eta behin, arbolen inbentarioa egiten dute, udaleko eta lan horretarako kontratatzen dituzten kanpoko teknikariek elkarlanean. Lehenengo erradiografia orokor bat eginda, zuhaitzak ikuskatu eta azterketa sakonagoa behar dutenak aukeratzen dituzte banan-banan. Ostean, beharrezkoa izanez gero, ikuskapen estandarizatu zehatzagoak egiten dituzte. Izan ere, kanpotik osasuntsu dauden itxura izan dezakete, baina horrek ez du esan nahi barrutik ondo daudenik. “Nahiz eta hostoak izan edo udaberrian loratu, batzuk ez daude osasuntsu; enborra hutsik egon daiteke eta zuhaitzaren eraztunak begiratzea aukera bat da”, dio Selgak.

Parkeetan, lorategietan eta kaleetan dauden arbolen egoera zein den aztertzen dute, eta batzuei tornografia izeneko probak egiten dizkiete. “Arbola bakoitzaren ikerketa sakona egiten da probabilitateak kalkulatzeko; ezin da jakin adar bat noiz eroriko den, baina erortzeko duen probabilitatea neurtu dezakegu hainbat bitarteko erabilita”, gaineratu du.

Azterketa hori eginda, zuhaitzaren osasuna zein den ondorioztatzen dute, eta dagokion tratamendua ematen diote ale bakoitzari. Aukerak askotarikoak direla azaldu du. Hala eta guztiz ere, oso larri dagoela eta beste aukerarik ez dagoela uste badute, errotik moztea erabaki dezakete.

“Arbolak botatzeak min ematen du, eta moztu baino lehen, asko pentsatzen dugu”, onartu du Sabasek. Baina, era berean, azaldu du beharrezkoa bada moztu egiten direla bilbotarren segurtasuna bermatze aldera.