“Sare sozialek, Internetek eta sakelakoek ate asko ireki dizkiete gorrei”

Bilboko Botikazar institutua Zeinu Hizkuntzaren Interpretazioa goi mailako zikloa eskaintzen duen bakarra da Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban. 2001-2002ko ikasturtean hasi ziren prestakuntza hau eskaintzen, eta, geroztik, pertsona gorrekin komunikatzeko dozenaka interpretari prestatu ditu. Gabi Urrutia Zeinu Hizkuntzaren Saileko arduraduna da, eta hasieratik dabil proiektu honetan lanean.

Egun, hizkuntzak menperatu behar ditugu: euskara, ingelesa, frantsesa… Keinu hizkuntza hezkuntza sisteman sartu beharko lukete?

Oso gomendagarria izango litzateke. Keinuena ez da beste hizkuntza bat ikastearen parekoa; hori ikastean, sentsibilitate berezia eskuratzen duzu. Gainera, adierazpen gaitasun bat ematen dizu, eta komunikatzeko oztopoak dituzten pertsonekin harremana izateko aukera duzu. Ez dira soilik gramatika eta lexiko kontzeptuak barneratzen, emozionalki eta alderdi psikologikoei dagokienez, handi egiten zaitu.

Pertsona gorrentzako eskola espezializatuak behar al dira?

Betidaniko gizarte eztabaida da. Iritzi desberdinak daude. Nik uste dut biek alde positiboak eta negatiboak dituztela. Pertsona bat emozionalki eta arrazionalki garatzeko, keinu hizkuntza egokiena dela pentsatzen dut. Baina, garrantzitsua da gizartean barneratzea ere. Integrazioa gero eta handiagoa izaten ari da.

Zein zailtasun topatzen ditu ikasle gor batek eskolan?

Irakasleak eta interpretariak umeari begira egon behar dute. Arbelerantz biratzen bada, komunikazioa galtzen da. Bestalde, interpretaririk gabe ezin dituzte oharrak hartu. Gainontzeko ikasleek irakaslea entzuten duten bitartean har ditzakete oharrak, baina gorrak ezin ditu bi gauzak aldi berean egin. Zailtasunak asko dira.

Gizarteak egokitzen ikasi beharko luke.

Baina gehiengoak ez daki nola egokitu. Batzuetan, egokienak ez diren jarrerak hartzen ditugu. Hori ezjakintasunagatik gertatzen da, ez errespetu faltagatik. Batzuek oihukatu ohi dute gor batekin aritzean, altuago hitz egiteko joera dute; hala ere, horrek ez du esan nahi mezua hobeto ulertuko dutenik.

Zer ekarri du teknologia berrien hedapenak?

Sare sozialek, Internetek eta sakelakoek ate asko ireki dizkiete gorrei. Mezuen bidez komunikatu ahal izatea aurrerapauso itzela izan da. Ni duela 24 urte hasi nintzen mundu honekin harremanetan. Muga ugari daude oraindik ere, baina gutxiago dira. Telebistako programazio osoari ez zaizkio azpidatziak jartzen, adibidez.

Hizkuntza bakoitzak bere keinu bereziak al ditu?

Alde batetik, hizkuntzak daude; bestetik, keinu hizkuntza. Espainian erabiltzen dena erakusten dugu institutuan. Hala ere, eskualde batzuek aldaerak dituzte. Identitate handiena daukana Kataluniakoa da; horrek gramatika berezia eta zenbait keinu desberdin ditu. Nazioartean, estatu bakoitzak berea dauka, nahiz eta antzekotasunak dauden. Gainera, nazioarteko keinu sistema bat existitzen da. Munduko toki desberdinetako pertsona gorrak elkartzen direnean, komunikatzeko sistema komun bat behar dute, eta hori ere hemen irakasten dugu.

Nola komunikatzen dira pertsona itsuak eta gorrak?

Talde handia osatzen dute. Batez ere, komunikatzeko lau bide dituzte. Zeure eskuak hartzen dituzte beren eskuekin, eta esku-ahurrean mezuak komunikatzen dituzte atzamarrekin, abiadura ikaragarrian. Keinuak ere egiten dituzte, baina interpretari baten laguntza behar dute. Beste batzuek apur bat ikus dezakete, eta, hori baliatuz, keinuak ikus ditzakete. Bakoitzaren araberakoa da.

Zikloa bi urtekoa da. Aski al da keinuen bidez ondo komunikatzeko?

Datozen urteetan zikloa diplomatura bihurtuko dutela uste dugu. Zenbait unibertsitate pribatuk sortu dute jada, eta lau urteko iraupena du. Bi urtetan ondo komunikatzen ikastea nahiko zaila da, eta ez dute denek lortzen. Gorputzarekin komunikatzera ohituta ez bagaude, urteekin gero eta gehiago kostako zaigu. Keinu hizkuntzan aurpegiarekin keinuak egin behar dira; eskuak, besoak, sorbalda eta lepoa mugitu behar dira. Ez da lotsarik izan behar, eta lotsati asko dago.