Ospatu eta eskertu

Datorren ekainaren 21ean hamar urte beteko ditu BERRIA egunkariak. Milaka euskaltzaleren indarrak posible egin zuen Egunkaria-ren itxierari aurre egin eta euskarazko kazeta berria kioskoetara iristea. Gerora ere, bultzada eta sustengu horrek ez dio hutsik egin; bereziki, azken hiletan, Zure ziztada behar dugu kanpaina dela eta. Orain, urteurrenaren aitzakia aprobetxatu gura du BERRIA Taldeak babes hori eskertzeko eta sarea sendotzeko. Udaberri osoan hainbat kultura ekitaldi izango dira Euskal Herri osoan zehar.

Gaur egun, 14.000 BERRIAlagunen sarea du BERRIAk: 9.000 harpidedun, eta ziztada eman duten 5.000 BERRIAlagun. Sare hori sendotzen jarraitzeko deia egin du BERRIA Taldeak, bai paperean irakurtzen dutenei bai Interneteko komunitateko kideei. Harpidedun eta BERRIAlagunekin batera, kolaboratzaile, behargin eta iragarleak ere gogoan izan gura ditu BERRIAk bere hamargarren urteurrenean. Horregatik, bideo bat prestatu dute. Horien guztien beharra ez ezik, kazetak euskarari egiten dion ekarpena ere islatzen da ikus-entzunezkoan.

Harkaitz Cano idazleak, Maialen Lujanbio bertsolariak eta Lorea Agirre kazetariak egin dute gidoia. Cano eta Lujanbio BERRIAren Iritzia saileko Jira eta Bira ataleko lehenbiziko kolaboratzaileak izan ziren, eta Agirre urte askotan euskarazko egunkariko kazetaria izan da. Pixel produkzio etxea arduratu da grabaketaz. Bideoan parte hartu dute, besteak beste, Andoni Egaña bertsolariak, Anjel Lertxundi Idazleak, Antton Olariaga marrazkilariak eta Maider Sarasola nahiz Garbiñe Astoreka BERRIAren irakurleek. Baita egun kazetari direnek eta aurretik izandakoek ere.

Hamar minutu inguruko iraupena du, eta hamargarren urteurrena ospatzeko BERRIAk prestatu duen kultur birako emanaldi guztietan ikusi ahal izango da. Hasieran emango dute, BERRIAren proiektua zein den azaltzearekin batera. Ikuskizuna hasi aurretik, eskerrak emateko aprobetxatuko dute kazetaren ordezkariek. Guztira, 32 ekitaldik osatuko dute bira; Euskal Herriko lehenengoa gaur izango da, Errenterian (Gipuzkoa). Bizkaian, berriz, bihar abiatuko da egitaraua, Igorren.

Zertarako hegoak. Hori izango da Lasarte aretora joango direnek ikusi ahal izango duten antzezlana. Metrokoadroka sormen laborategiak prestatu du, beren beregi BERRIAren hamargarren urteurrena ospatzeko.

Ospakizun horiek guztiak burutzeko, ekainaren 22rako BERRIAk jai berezia antolatu du. Andoainen izango da, Martin Ugalde kultur parkean. Haurrentzako ikuskizunak, bertsolariak eta Petti eta Goseren kontzertuak izango dira, besteak beste. Urteurrenari buruzko informazio zabala www.berria.eus/berriataldea webgunean dago eskura.