Gernika Rugby taldeko jokalari ohien bizi-baldintza larriak salatu dituzte

Azken hilabeteetan, egoera ekonomiko “zaila” du Gernika Rugby taldeak. Kirol arloko beste hainbat erakunderi legez, ohiko diru laguntzak murriztu zaizkio klubari, eta, ondorioz, jokalariek zenbait hilabete daramate soldatarik jaso gabe. Taldeko entrenatzaile ohiak, Jorge Gimenez Chancha-k, adierazi du “oinarrizko beharrizanak bete ezinik” dabiltzala azkenaldian zenbait jokalari ohi.

“Janaria erosteko eta argindarra eta ura ordaintzeko arazoak dituzte”. Bost jokalari ohi egoera horretan daudela salatu du. “Nik eman dut aurpegia, baina hemen klubeko arduradunak egon beharko lirateke, herritarren aurrean benetako egoera zein den azaltzeko”. Esan du ez dela inor salatzen ari, baizik eta “jokalari horiek egun duten egoera salatzen”. Duela hilabete eskas arte, taldea zuzentzeko ardura izan du. Zazpi urte egin ditu Gernika-Lumoko taldean, eta adierazi du hiru hilabete zor dizkiotela. Alabaina, dioenez, bere egoera ez da “hain larria”, eta azpimarratu du jokalari ohien egoerak kezkatzen duela.

Klubeko ordezkariek ez dute adierazpenik egin nahi, “egoera baretu arte”, behintzat. Bizkaiko Hitza-ri esan diotenez, ez dute sartu gura “kirol arlotik kanpo dagoen eztabaida horretan”. Halaber, jakinarazi dute, egun, azken hilabeteetan bezala, diru iturri berriak lortzeko ahaleginak egiten ari direla.

Otsailean, Jose Alberto Pradera presidenteak klubaren egoera ekonomikoa “larria” zela onartu, eta esan zuen alde egin nahi zuten jokalariek libre zutela. Ordutik, hainbatek utzi dute taldea; batzuk atzerriko beste talde batzuetara joan dira jokatzera, eta, beste batzuek, taldea utzi arren, Gernikan jarraitzen dute, egoera noiz konponduko zain.

“Berriro gerta ez dadin”

“Jokalari batek bizilekua utzi behar izan du, zituen zorrak ezin dituelako ordaindu, eta antzera dagoen taldekide baten etxera joan behar izan du”, azaldu du Gimenezek. Soldatarik gabe egoteak oinarrizko gastuei ezin erantzutea ekarri diela dio, “argindarra lagunek ordaindu behar izateraino”. Dioenez, bost jokalari horiek herriko taberna batean egiten dituzte otorduak, udalaren laguntzari esker.

“Ez hemen, ez beste erakunde batean, berriro gerta ez dadin egin dut agerraldi hau”, zehaztu du. Egoera ekonomikoa zein den eta zerk eragin duen ulertzen duela esan du, eta egoera zailean bizi diren jokalariek ere konprenitzen dutela. Alabaina, gaitzetsi egin du orain arteko informaziorik eza: “Komunikazio falta erabatekoa izan da”.

“Ahanzturan” egon direla salatu du Chanchak, eta, batik bat, horrek bultzatu duela agerraldia egitera. “Oihartzun honek egoera konpontzeko balio izatea espero dut”. Haren esanetan, “handiro” pentsatu dute klubeko buruek, baina, dioenez, horrela pentsatu aurretik, kontu txikiagoei erreparatu behar zaie, “eta ez dute egin”. “Arduradunen gobernatzea gizagabea izan da. Hemendik aurrera, aurpegia eman dezatela eskatzen dut, nik egin dudan legez”.

Jokalari ohiek hilabeteak daramatzate egoera noiz argituko zain. “Ulertzen dugu egoera ekonomikoaren erantzulea ez dela zuzendaritza; badakigu diru laguntzak murriztu direla. Hori ulertzen dugu, baina ezin dugu horrela jarraitu”, adierazi du izena eman gura izan ez duten bost jokalari ohietako batek. Bestalde, udalaren laguntza eskertu du, “garai zail honetan babestu” dituztelako. Azaldu duenez, azken egunotan, herriko taberna batean jan dute. “Horixe da gure egoeraren erakusgarrietako bat”. Klubak hiru hilabete zor dizkiola esan du. Haren ametsa Gernikan gelditzea zen, baina orain etxera itzuli gura duela dio. Beste talde batzuetako eskaintzak izan ditu, baina orain duen nahasmenarekin, zer egin ez dakiela dago.

Bien bitartean, jazoera honek zerbaitetarako balioko duela uste du entrenatzaile ohiak; “behintzat, jokalarien egoera hobetzeko” balio izatea nahi luke. Hala, horrelakorik berriro ez gertatzea itxaroten du. “Egoera zaila izanda ere, egia da jokalariek dena eman dutela; emaitza historikoak lortu dituzte. Jazoera honek ez du zikinduko berrogei urteko instituzio hau; etorkizunean agintea hartzen dutenek koherenteago jokatzea eragingo du”.