Fhimasako langileek greba mugagabea hasi dute lan hitzarmen propioa lortzeko

Fhimasa Bilboko Udalak azpikontratatu duen enpresako langileak greba mugagabean daude joan den martxoaren 5az geroztik. Beharginek lau hilabete daratzate lan hitzarmen propio bat eskatuz. Negoziazioak hasteko eskatu diote enpresari, baina ez dutenez erantzunik jasotzen, lanuztera jo dute azkenean. Hiriburuko estolderia sarea mantentzeaz arduratzen da Fhimasa. Horrez gain, espaloiak eta apaindura elementuak konpontzeko udal zerbitzua betetzen du.

“Lan erreformaren kontra gotortu nahi dugu, horrek sortzen dituen ondorioei aurre egin ahal izateko”, azaldu du Koldo Pinedo langileak. Protesta hauekin beharginen eskubideak defendatu nahi dituzte, eta, horretarako, lanaldian aldaketak egiteko eskatzen dute. Helburu hori lortzeko, enpresaren inplikazioa beharrezkoa dela diote. “Lanaldi erregularra lortu nahi dugu, eta, gainera, enpresak langileen ordezkaritzarekin ituna egitea eskatzen dugu; azken batean, sinatzen dena denborarekin ez galtzea nahi dugu”, gaineratu du. Lansariari dagokionez, ez dute eskabide berezirik egiten, herrialdean indarrean dagoena “errespetatzea baino ez; ezer gorakorik ez”.

Fhimasak lan bakoitza egiteko sailak ditu, baina horietatik bi soilik daude greban. “Ur sailak eta espaloien mantentze lanetarako taldeak hasi dugu lanuztea; bulegoetan eta unean uneko obretan lan egiten dutenek beharrean jarraitzen dute”, dio Pinedok. Hala ere, langile batzordeak azpimarratu duen moduan, gutxieneko zerbitzuak egingo dituzte, hiritarrei ahalik eta kalte gutxien egiteko.

Egundaino, enpresak ez die erantzunik eman. “Salaketa batzuk egon dira, eta bilera baten bat egin dugu, greba eskubidea hausteagatik edo langile batzuk ordezkatzen ari direlako; ondorioz, enpresari zenbait idatzi helarazi dizkiogu langileen eskubideak errespeta ditzan”, adierazi du. Hala eta guztiz ere, beharginek salatu dute enpresak ez duela greba egoera konpontzeko asmorik agertu.

Langileekin bat

Egoera zein den jakin dadin, langileen ordezkariek udalarekin, gobernu taldearekin eta zenbait alderdi politikorekin hitz egin dute. Elkarrizketa horien ondorioz, Bilduk mozio bat aurkeztu zuen aurreko astean, langileen alde egiteko. Txema Azkuenaga Bilduko Bilboko bozeramaileak dio kanpoko kontratazioak “ezegonkortasuna eta prekarietatea” ekarri diela Fhimasako langileei. “Grebara bultzatzen ditu, eta diskriminatzailea den beste kategoria bat sortzen du langileen artean: batetik, lan publikoa egiten duten behargin publikoak, eta, bestetik, lan publikoa egiten duten azpikontratatutako langileak, lan baldintza eskasagoekin”.

Beharginen egoera salatzeaz gain, udalari esku hartzeko eskatu dio Bilduk. “Bilboko gizartearen zerbitzurako lan egiten duten langileen egoeraz arduratu behar du udal honek, eta, gure ustez, Fhimasari eskatu behar dio langileen ordezkari sindikalekin negoziatzeko, alderdien autonomia errespetatuz, noski, negoziazio horretan”, adierazi du koalizio independentistako bozeramaileak. “Gobernu taldea hainbeste kezkatzen duten hiria txukun egoteko beharrak eta obrak daude arriskuan, baina baita ere langile hauen lan baldintzak, lan baldintza duinak”, gaineratu du.

Pinedok dioenez, egoera konpondu bitartean, manifestazioekin eta aldarrikapenekin jarraituko dute. Udaletxearen inguruetan eta Bilboko Gas enparantzan elkartzen dira goizero. Izan ere, plazan daude langileen aldagelak eta enpresaren hainbat bulego. Handik abiatuta, manifestazioa egiten dute.