Eutsi nahi eta ezinean

Krisi ekonomikoak saihestu ezineko eragina izan du sektore gehienetan, eta asko dira zorrei eutsi ezinda desagertu diren erakundeak. Kirol arloan ere hainbat adibide daude. Batzuek desagertu egin behar izan dute; beste askok diru laguntza gutxiago jaso dituzte.

Esaterako, oihartzun handia izan zuen Lemona futbol taldea desagertzeak. Hain zuzen, 79 urteko ibilbidearen ostean, iaz taldea desegitea erabaki zuten bazkideek, zorrek itota zeudelako. Lemoa izenez beste futbol talde bat sortu zuten. Ehunka mila euroko zuloa zuen erakundeak. Uztailean, klubak zituen 400 bazkideetatik 32 joan ziren taldearen etorkizuna erabakitzeko batzarrera. Desagertzearen aldeko hogeita bost boto izan ziren; kontra, berriz, zazpi. Bizkaian, besteak beste, Barakaldoko eta Sestaoko futbol taldeetan ere igarri dute krisia azken urteetan.

Era berean, beste kirol talde asko, babesleak galtzearen edo haien diru laguntzak murriztearen eraginez, egoera latzean daude. Babesle publikoak zein pribatuak lortzea gero eta zailagoa dela ikusi dute erakundeek; are gehiago, maila apalagoetan jokatzen duten edota emakumezkoen taldeentzat. Halaber, bertan behera geratu dira urteroko zenbait kirol jarduera ere; udalerri batzuetan, diru iturri eskasiaren eraginez.