Euskaldunak biltzeko

6
Jai eguna

Erandio

Erandiok Kanpomartxo eguna ospatuko du etzi, domekaz. Ekintza ugari prestatu dituzte eguna girotzeko. Goiz partean, Goi-Alde, Trabudu eta Uztargi taldeek dantza emanaldia eskainiko dute, eta, ostean, Mendibaiarte abesbatza arituko da. Horrez gain, Iratxe Ibarra eta Gorka Ostolaza bertsolariek ere girotuko dute goiza. Bazkaldu ostean, batetik, umeentzako jaialdia antolatuko du Xilipurdi taldeak; bestetik, Roberto Etxebarriak betiko euskal kantak abestuko ditu. Eguna amaitzeko, berriz, dantzaldia izango da.

Club Takolos Irrati elkarteari esker, kuadrillarekin argazkia ateratzeko eta unean-unean jasotzeko aukera izango dute hara biltzen diren lagun guztiek. Eta gainera, egun osoan, umeentzako puzgarriak, tiro jaurtiketa eta tailerrak egongo dira. Kirolari dagokionez, Gazte Asanbladak olinpiadak antolatu ditu Erandioko hainbat auzotako gazteen artean.

Egitasmo honekin, euskara eta euskal kultura sustatu nahi dute herrian. “Kanpomartxo egunaren ezaugarri nagusia lankidetza da, Erandioko elkarteen eta norbanakoen arteko lankidetza”, azaldu dute antolatzaileek. Horrela, euskaldunen eta euskaltzaleen “bilgune” bihurtu nahi dute ospakizuna. “Arriaga auzo txikia denez, elkar estutu beharko dugu, baina, ederto pasatuko dugu Kanpomartxo honetan ere”, adierazi dute Berbotseko arduradunek.

Jatorriz, inauteri aurreko domekan, Erandioko familiak eta herriko taldeak mendira joan ohi ziren. Elkarrekin sua egin, eta hantxe bazkaltzen zuten. Egun, ohitura pixka bat eraldatu dute, eta, hainbat urtetan galduta egon ostean, Berbots Erandion Euskaraz elkarteak 1994an berreskuratu zuen tradizioa. Geroztik, Kanpomartxo gaurkotuan, bazkaltzeaz gainera, musikari eta dantzari leku berezia egiten diote erromeriaren bidez; azken batean, antolatzaileek adierazi duten moduan, “euskaldunak biltzeko aitzakia da”.

KANPOMARTXO EGUNA

Non. Erandioko Arriaga auzoan egingo da.

Noiz. Etzi, domekaz, egun osoan.