Eskolatik eskoletara

Gaur egungo hezkuntza eredura egokitu gara”. Modu horretan azaldu ditu Maria Eugenia Gomezek azkenaldian Gregorio Ybarra elkartean egin dituzten aldaketak. Entzumen urritasuna dutenei laguntza ematen die elkarte horrek, eta kudeatzailea da Gomez. “Aparteko hezkuntza barik, integratua hobesten du orain Eusko Jaurlaritzak”, dio. 1894an sortu zuten Bizkaiko Gormutu eta Itsuen Eskola. Beste edozein ikastetxetan irakasten zena ikasten zuten hango ikasleek ere, baina berezitasun hori zuten: denak gorrak edo itsuak ziren. Bizkaian bakarra zen, eta sasoi batean 400 ikasle izatera iritsi zen, Espainiatik ere etortzen baitziren umeak. Ordutik hainbat aldaketa izan ditu, harik eta ikasturte honetan pausorik handiena eman duten arte: gorrentzako ikasgela espezializatua itxi dute, eta bertako sei ikasleak Otxarkoagako (Bilbo) lanbide heziketa eskola pribatu batean ari dira orain.

“Gure ikasleek ez lukete Bigarren Hezkuntzako titulurik lortuko hemen. Lanbide Heziketaren bidez konponbideren bat eman behar genion horri. Orain aukera izango dute”. Ikasturtea hasi zenetik, bada, ikasle horiek entzumen arazorik ez duten beste batzuekin nahastuta daude. Ikasleekin batera, ikasgela hartan zituzten irakasleak ere Otxarkoagako lantaldera igaro dira, eta, era berean, bertako irakasle batzuei keinu hizkuntza irakasten ari dira elkarteko kideak, etorkizunean gor gehiago etorriko zaizkielakoan, prest egoteko.

“Geure ikasleak galdu ditugun heinean, beste batzuenak irabazi ditugu”, dio Gomezek. Alegia, euren eskolan gero eta gutxiago zituzten, baina ohiko ikastetxeetan dabiltzan ume gorrek beraien beharra izan dute, eta dute. “Eurak ez badatoz guregana, guk joan behar dugu eurengana”. Gaur egun, bada, elkarteak bi modutara jarduten du. Batetik, Bizkaiko hainbat eskolatara joaten dira haren hezitzaileak. Bestetik, Bilbo erdigunean duten egoitzan logopedia zerbitzua dute, eta keinu hizkuntza irakasten dute.

Ikastetxe arruntetan dauden gorrei ikasketetan laguntza ematen diete. “Irakaslearen azalpen bat jaso ez badute, ikasle hauentzat zailagoa da ikasgai hori ulertzea. Gutariko edonork gal dezake arreta. Gorrek are handiagoa jarri behar dute; beraz, laguntza handiagoa behar dute”. Horrela, bada, elkarteko lau kide Eusko Jaurlaritzak agindutako ikastetxeetara joaten dira, eta hango ikasleek ikasi behar dutena ulertzen laguntzen diete. “Berez, irakasleak dira; Irakasle ikasketak dituzte, entzumen eta lengoaian espezializatuta”, azaldu du. Lau horien artean Bizkaiko 50 ikasle inguru laguntzen dituzte.

Gomezen esanetan, eredu bakoitzak bere alde onak eta txarrak ditu. “Egia da gorren eskola batean egonez gero ez dutela harremanik gorrak ez diren umeekin. Horregatik, azkenaldian gure gorren ikasgela ikastetxe arrunt batean izan dugu, eta atsedenaldietan jolastokian gainontzeko umeekin egoteko aukera zuten. Oso ondo konpontzen ziren; ez zuten batere arazorik elkarrekin komunikatzeko”, gogoratu du. Ikastetxe arrunt batean egonez gero, integrazioa bermatuta egon liteke, baina ez beti. Baldintza egokietan egon behar du ikasleak: “Zelan dago ume gorra? Behar dituen bitarteko guztiak eskaini zaizkio? Komunikazio arazorik ez duela izango bermatu zaio? Agian bere irakaslearekin komunikatzeko gai izango da, baina gainontzekoekin ere bai?”.

Gomezek dio gorrekin dabiltzan beste umeak ere keinu hizkuntzan trebatzen direla ibilian-ibilian. “Helduok baino iaioagoak dira komunikatzeko eta ikasteko”. Edozelan ere, argi utzi du entzumen arazoak dituzten ume guztiek ez dutela zertan keinu hizkuntza ezagutu. “Gurasoen araberakoa da. Haiek erabakitzen dute, eta horren arabera jokatzen dugu guk. Batzuetan, mesedegarri izan daiteke, baina ez da ezinbestekoa keinu hizkuntza jakitea, bai baitira inoiz beharko ez dutenak”.

Gogoan du garai batean keinu hizkuntza estigmatizatuta zegoela. Horren adibide modura, euren eskola izandakoa aipatu du. 2000. urtera arte ez zuten keinu hizkuntza irakasten. “Ahozko eskola zen gurea. Ikasleei berba egiten irakasten zitzaien. Ez zegoen ondo ikusita keinu bidez berba egitea. Horregatik, gure ahaleginetako bat hizkuntza hori gizartean zabaltzea ere bada”, azaldu du Gomezek.

Halaber, iruditzen zaio gainontzeko herritarrak ez direla ohartzen gorrek edo entzuteko zailtasuna dutenek zer-nolako trabak gainditu behar izaten dituzten. “Irudikatu metroan zaudela eta bat-batean denak irteten direla. Zuk ez dakizu zer gertatzen den, eta badaezpada euren atzetik zoaz. Lasterka egiten ez baduzu, ondoriozta dezakezu gertatzen ari dena ez dela oso larria”.

Pertsona beste konponbide

Entzumen arazoak dituztenei eskaintzen diete arreta, ume zein heldu, elkarteak Bilbon duen egoitzan; baina baita urritasun hori ez dutenei ere. Heziketa bereziko irakasleak, interpretari gisa behar egingo dutenak eta enparauak ere euren ikasle dira.

“Entzumen arazoa dutenek ez ezik, beste gaixotasun batzuk dituztenek ere baliagarri dute keinu hizkuntza ikastea”, dio Veronica Patinok. Adibidez, sindrome arraroren batengatik hitz egiteko gaitasuna galdua dutenek erabil dezaketela azaldu du. “Azkenaldian izan ditugu horrelako kasuak”. Patinoren ustetan, komunikazioa beti da posible; gizakiak horretarako bitartekoak bilatzen ditu hala edo hala. Gomezek Hego Ameriketatik iritsi zitzaien 11 urteko ume bat ekarri du gogora: “Gorra zen; inork ez zion hitz egiten irakatsi, ez eta keinu hizkuntza ere. Urte horietan guztietan bizi izan bada, nolabait komunikatu da. Bestela ezinezkoa da”.

Patino elkarteko logopedia saileko kide da, eta entzumen urritasuna dutenei berba egiten irakasteaz gain, besteak beste, entzumena errazteko gailuren bat jarria dutenei entzuten irakasten die, eta berba egiteko gaitasuna galdu dutenei berreskuratzen laguntzen die, bai eta ahoskatzeko zailtasunak dituztenei eta ahots arazoak dituztenei ere. Prozesu zaila eta luzea dela aitortu du. “Inoiz entzun ez duen bati, adibidez, soinua eta isiltasuna bereizten irakatsi behar zaio”. Baina ez hitzez, noski, ez baitu entzuten. Bibrazioak eta perkusioa erabiltzen dituzte hasieran. Argi utzi gura du entzumena ahalbidetzeko gailuren bat duenak inoiz ez duela lortuko zuzen entzuten duenak duen besteko entzumena. Dena den, esperantzari eutsi dio: “Beti dago egin daitekeen zerbait. Gizakiok berezkoa dugu komunikazioa eta beti lortzen dugu”.