Bilboko autobus geltokian eraikitzea onartu du udalak

Bilboko Udaleko Plangintzaren Aholku Batzordeak urteko hirugarren bilera egin zuen asteartean. Batzarrean, Hiri Antolamendurako Plan Nagusian aldaketa batzuk egitea erabaki du, beharrizan berrietara egokitzeko. Besteak beste, Garellano-San Mameseko autobus geltokiak hartzen duen 5.000 metro koadroko lur zatiaren erabilera aldatzea erabaki dute. Bertan, enpresek helburu komertzialeko proiektuak sustatu nahi dituzte eta, ondorioz, eraikitzeko aukera zabaldu du. Horrez gain, Arno kalearen eta Zumalakarregi etorbidearen artean, Panera izenarekin ezagutzen den eremuan, 640 metro koadroko eraikin bat sortzeko baimena eman du.

Gaur egun, Garellano-San Mameseko autobus geltokiko lursailak 12.000 metro koadro ditu. HAPNren aldaketaren bidez, 5.000 metro koadro hirugarren sektoreko jardueretarako eta ekipamendu pribatuetarako jarri nahi dituzte. Eremu horretan, hainbat solairu eraikiko dituzte. Lurzorutik behera ere egingo dituzte solairu bat baino gehiago. Leku horretan, autobus geltoki berria ezartzeko asmoa dago eta, gainera, aparkalekuak egingo dituzte. Aspaldiko asmoak betez, lurpean egongo da geltokia. Lursaila osatzen duten gainontzeko 7.000 metro koadroetan aisialdirako guneak eta berdeguneak ezarriko dituztela iragarri dute.

Auzokideen eskaerak

Basurtuko auzokideen elkarteak adierazi duenez, “autobus geltokia lurperatu eta zaharberritu behar da”. “Auzorako eta inguruko unibertsitateetan ikasten duten ikasleentzako plaza berdea eta zabala berreskuratu behar dugu”, gaineratu dute.

Hala ere, geltokiaren proiektua hasi baino lehen, udalari hiru baldintza betetzeko eskatu diote elkarteko ordezkariek. Lehena, aisialdirako 7.000 metro koadroko eremua egongo dela ziurtatzea. Bigarrena, erabilera komertzialerako eraikinen altuera Luis Briñas kalekoekin bat egitea, inguruan desorekarik ez sortzeko. Hirugarrena, sarbideak ondo kudeatzea, inguruko kaleetan auto pilaketarik gerta ez dadin.