Udaberria

Bai, udaberria heldu da. Ia-ia konturatu barik ailegatu da. Nire inguruan oraindik elurteren bat egon litekeela esaten dute, baina pentsatzen dut Iratiz edo Alaskaz arituko direla eta ez Bilboz. Bilbok ez du elurra maite, onar dezagun. Bilboko mendiek bai, itzel atsegin dute, baina botxoa deitzen den horrek, hau da, asfaltoak, ez du maite. Edo izan liteke elurrak ez duela Bilbo maite. Izan liteke, bai (edozer gauza izan litekeelako) baina elurra noizean behin agertzen da Bilbora, mara-mara lurra hartzen hasten da, bide luzea egin duen ibiltariak atsedena hartzen duen bezala; eta Bilboko kaleak dira elurrari muzin egiten diotenak. Hortaz, eta beraz, aitor dezagun ozen: Bilbok ez du elurra maite. Hurrengo kontua: udaberri zoragarri eta liluragarria heldu da (arestian esandakoari helduz). Jendeak izugarri maite du udaberri eder galant hori edo hau. Zehaztu dezagun: Jendea esaten dugunean pertsona multzo handia esan nahi dugu. Izugarri berbak asko esan nahi du, eta maite gehiegizkoa da baina elkar uler dezagun: pila-pila patata tortilla. Nik neuk ez dut maite udaberria. Gustatzen zaizkit neguko hotzaren goxoan mantapeko jolasak eta Bilboko kaleek maite ez dituzten elur malutak ere. Gustatzen zait udagoiena bere kolore-talde liluragarri eta onddoekin. Gustatzen zait uda bere ekaitz elektriko eta arrasti zoragarriekin. Udaberria, baina, ez dut maite. Are gehiago, norbaitek sortuko balu zubi bat negutik udara pasatzeko, txalotu egingo nuke. Behin esan nuen udaberria puta bat zela, eta udaberri zale dudan lagun handia haserretu zitzaidan. Beraz, ez dut esango puta bat denik (udaberria), eta ez dut esango zitala eta ankerra denik. Erromantikoa ere badela diote. Hau ere sekula ez dut oso ondo ulertu. Urtarorik erromantikoena? Udaberria? Norbaitek esan diezadake zer dela eta udaberria urtarorik erromantikoena den? Ez du udagoienaren lilura, ez du udaren askatasuna eta ez du neguaren hurko-mina/azal-mina/ukimen-mina. Beraz, zein buru-galduk eman zion erromantikotasunaren jitea? Ez zaitut iraindu nahi, irakurle maitea; ezagutzen ez zaitudan arren estima handitan zaitut, eta estimatuago alergiaduna bazara. Bai, badakit argiago eta garbiago ezin litekeela hitz egin, baina (badaezpada) argi gera dakizun: gain baloratua dago udaberria. Oso ondo ulertzen ez dudan arrazoiengatik jendeak atsegin du, eta gutxiago ulertzen ditudan arrazoiengatik loratu egiten direla sentitzen dute. Esandakoak esanda, gehitu diezazukedan bakarra da: animo, gero eta gutxiago falta da udarako.