Migrazioen inguruko sormenak

Bihartik hilaren 23ra arte, Zilar Astea egingo dute Durangon. Aurten, migrazioaren gaia aukeratu dute, eta hainbat kultur ekitaldi prestatu dituzte. Literatura, antzerkia, dantza, musika… hainbat kultur adierazpide jorratuko dituzte. Denak ere, ohi bezala, egitasmo honetarako propio sortuak izango dira.

Urtero legez, Durangoko Kafe Antzokiaren Lagunak kultur elkarteak prestatu du egitaraua, herriko beste hainbat kultur eragilerekin batera. Izan ere, sorreratik herri kulturgintza lantzea du helburu proiektuak.

Hala, elkarlanean, astebeterako programazio askotarikoa egin dute aurten ere. Bihar bertan, bi ekitaldi egingo dituzte. Goizeko hamarretan hasita, udal liburutegian Gotzon Barandiaranek literatura eskola emango du, Sorterritik urrun, migrazioak euskal literaturan gaiaren inguruan. Ondoren, 13:00 aldera, Santa Ana elizatik abiatuta, Kantulagun saioa egingo dute: migrazioarekin zerikusia duten euskal kantutegiko abestiak kantatuko dituzte, kalerik kale.

Datorren asterako, antzerki, dantza eta musika emanaldiak antolatu dituzte. Ostegun iluntzean, Karrika antzerki taldeak Inungane, sustraiak airean antzezlana aurkeztuko du Plateruena kafe antzokian. Horrez gain, hurrengo egunean, Biutz antzezlana egingo dute San Agustin kultur gunean. Antzerkia, zirkua eta musika uztartzen ditu Rouge Elea zuzendariaren obra horrek. Bi antzerki emanaldi horietarako sarrerek bost euro balioko dute.

Gauean, Durang(h)ots Jam Session saioa egingo dute Plateruenan. Munduko doinuak oinarri hartuta, Durangoko Musika Eskolako ikasleekin elkarlanean egingo duten inprobisazio saio bat izango da. Gainera, haiekin batera arituko da gonbidatu berezia: Omar Acosta flautista venezuelarra, alegia.

Azken egunean, hilaren 23an, dantza eta musika ikuskizunak izango dira Plateruenan. Lehenengo, gaueko bederatzietan, Erbestea Aberri dantza emanaldia egingo dute. Kriskitin dantza taldeak eskualdeko hainbat dantza talde eta eragilerekin batera ondu du ikuskizun hori. Sarrerak hiru euro balioko du.

Ostean, aurtengo Zilar Astea jai giroan amaitzeko, Munduko koloreak ekitaldia egingo dute. Munduko kultura desberdinetako musika eta dantzekin girotuko dute antzokia, jatorri askotako janariak eta edariak dastatzen dituzten bitartean.

Bi antzerki emanaldiak eta dantza ikuskizuna ez ezik, gainontzeko ekitaldi guztiak ere doakoak izango dira.

Ikasleak komikigile

Durango eta Iurretako batxilergoko ikasleekin elkarlanean landu dute egitasmoa. Eta, oraingoan, ikasleek eurek aukeratu dute Zilar Astearen gaia, zazpi aukeraren artean. Antolatzaileek diotenez, hurbileko errealitatea da migrazioa, eta kulturgintzan asko landua.

Beren-beregi sortutako interbentzio didaktiko batekin, bi astez migrazioaren gaia jorratu dute gazteek ikastetxeetan. Gaia modu praktikoan lantzeko prestatu dute materiala.

Hala, hiru egunez jorratu dute gaia. Lehen egunean, argazki eta margolan batzuen bitartez, migrazioaren inguruko ikuspegi eta aurreiritziak eztabaidatu zituzten. Esaterako, Euskal Herriko migrazioaren garapenari buruzko sei argazki eman, eta gaztetxoek egoera, lekua, arrazoiak eta emigrazioa ala immigrazioa zen asmatu behar zuten. Biharamunean, Ainara Gorostitzuren Aldamenekoa eleberriko testigantza batzuk hartu, eta taldeka kasu bana aztertu ostean, gelakideen aurrean azaldu behar zuten, gerora, denen artean, testigantza guztiak komentatzeko.

Hirugarren egunean, ikasleek istorio bat idatzi zuten, eta harekin, komikiak sortu zituzten; hilaren 20tik 23ra bitartean, San Agustin kultur gunean egongo dira ikusgai lan horiek. Ikusleek gustukoena bozkatu ahal izango dute, eta, gaur zortzi, ikuslearen saria eta epaimahaiarena banatuko dituzte, Biutz antzerki emanaldia bukatu ostean.

ZILAR ASTEA

Non. Durangoko Plateruenan, San Agustin kultur gunean eta udal liburutegian egingo dituzte ekitaldiak.

Noiz. Bihar hasi, eta hilaren 23ra arte.