Lekukoa hartzeko prestatzen

Abian da 18. Korrika. Atzo Andoainen (Gipuzkoa) hasi eta datorren martxoaren 24ra arte eten barik ibiliko da Euskal Herrian barrena. Aurretik, ordea, dena prest egoteko aspaldi hasi ziren lanean eskualdeetan. Izan ere, tokiko lanak berebiziko garrantzia dauka tamaina horretako egitasmo bat bideratzeko.

Azken hilabete eta asteak lanpetuta pasatu dituzte AEK-ko milaka langileek, baita herrietan sortu diren Korrika batzordeetako kideek ere. “Asko dira egin beharrekoak eta batzordeei esker askotan gauza guztiak aurrera ateratzen dira”, azaldu du Nerea Guijarrubia Uribe Kostako Korrikako arduradunak. Urdulizen, Sopelan, Algortan, Leioan eta Erandion sortu dituzte batzordeak.

Enkarterriko udalerri hauetan ere eratu dituzte: Balmasedan, Galdamesen, Gordexolan, Sodupen, Sopuertan eta Zallan. Enkarterriko Korrikako arduradun Ariana Villotak talde horiek sortzearen garrantzia nabarmendu du: “Guretzat inportantea da Korrikaren eta euskararen inguruan jendea mugitzea eta elkartzea, euskaldunon eta euskaltzaleen sarea osatzen joateko”.

Eskualde batzuetan udalerrietako batzordeak dauzkate, baina badira eskualde mailako batzordeak bakarrik dituztenak ere. Horren adibide da Arratia. Hala ere, herriz herri ekitaldiak antolatzen dabiltzan taldeak badituztela azaldu du Lurdes Ortega Arratiako Korrikako arduradunak: “Korrikaren arabera eta urtearen arabera laguntza gehiago edo gutxiago izaten da, baina eskertu egiten dugu beti. Laguntza hori gabe gauza asko egin barik geratuko lirateke”.

Korrikaren inguruan herrietan antolatzen diren ekintzetan laguntzea da batzordeen zeregina. Korrika Kulturalerako jarduerak prestatu, Korrika Lagunak bilatu, materiala saldu, kartelak ipini edota kilometroak marraztu errepideetan eta kaleetan. Hitz gutxitan esanda, Korrika helduko den egunerako dena prest uzten laguntzen dute, eta egunean bertan ere izaten dute zer egin.

Asko dira modu batean edo bestean parte hartzen dutenak. Batzuk prestaketetan laguntzen dute, askok kilometroak erosiz, beste batzuk Korrika Lagun eginda… Guijarrubiak esan du herriaren arabera aldeak egon ohi direla, baina, orokorrean Korrikak “sekulako” harrera duela euren eskualdean. “Oro har, positiboa da Korrikarekiko jarrera eta, agian gauza zehatzak egiten lagundu ez arren, jendearen babesa sentitzen duzu”, zehaztu du. Herritarren parte hartzeak berebiziko garrantzia duela azpimarratu du Enkarterriko arduradunak ere: “Eskualdean bada jende konprometitua, lan egiteko prest dagoena eta horrek asko laguntzen digu. Azkenean hori da Korrika posible egiten duena”.

Kilometroz kilometro

Arratiatik bi egunez pasatuko da aurtengoan Korrika. Hilaren 20an Arabatik sartuko da Ubidera, handik Otxandiora joateko. Goizeko 11:40ean dute hitzordua. Hurrengo egunean, goizeko 09:00ak pasatxotan Ubidetik sartuko da berriro eta eskualdea zeharkatuta, Zornotzatik irtengo da eguerdiko 13:45ean. Egun horretan, lau ordu eta erdiz 55 kilometro egingo ditu lekukoak arratiarren eskuetan.

Bestalde, gaur zortzi helduko da euskararen lasterketa erraldoia Enkarterrira eta Uribe Kostara. Hain zuzen ere, Arabatik Bizkairako lekuko aldaketa Gordexolan egingo dute. Okondotik igarota, goizaldeko 03:20 inguruan iritsiko da Gordexolara. Bertan hasiko dute eskualdeko ibilbidea eta Galdamesen amaitu; denera, 28 lekuko eramalek garraiatuko dute aurtengo mezua. “El Pobal burdinolan bukatuko da gure ibilbidea eta han Meatzaldekoei pasatuko diegu lekukoa”, zehaztu du Villotak.

Uribe Kostan bestalde, 54 kilometroko ibilaldia egingo dute. “Eguerdiko 12:30ean Erandioko Altzaga auzotik sartuko da Uribe Kostan”. Gutxi gorabehera bost orduren ostean, Urdulizetik irten eta eskualdea utziko du Uribe Butroirako bidea hartuta.

Kilometro banaketa eginda dute dagoeneko. Guijarrubiaren berbetan, “nahiz eta zonalde hau ez izan oso euskalduna, oro har ez dugu arazorik izaten kilometroak banatzeko”. Eskualde bakoitzari egokitzen zaizkion kilometro kopuruak ere eragina du banatzerakoan. Arratian esaterako, aurreko Korrikan oraingoan baino kilometro gutxiago eduki zituzten; ondorioz, erdibanatu egin zituztela azaldu du Korrika arduradunak. Gainera, sarritan, herri handietan batez ere, kilometroak banatu egin behar izaten dituzte, ahalik eta elkarte eta herritar gehienen parte hartzea bermatzeko. Kasu horietan, kilometro erdia egiten du bakoitzak. Hori gertatu ohi da, halaber, talde batek kilometro osoa erosteko dirurik ez duenean. Bestalde, herri batetik bestera distantzia luzeak daudenean, kilometroa hartu duenak bi korritu behar izatea ere gerta daiteke, bakarra erosi duen arren.

Kultur zein kirol elkarteek, udalek, ikastetxeek, guraso elkarteek, auzo elkarteek eta beste hainbat taldek erosten dituzte kilometroak, tartean, enpresa pribatuek. Alabaina, azken horien babesa zonalde batetik bestera asko aldatzen da.

Eremu erdaldunetan oro har oso gutxik egiten dute ekarpen ekonomikoa. Villotaren berbetan, “hemen normalean ez dira animatzen enpresak, ez dute interesik”. Hala ere, aurten pozik daude Bizkaia Esneak bat erosi dielako: “Gainera, txokolatea banatzeko prest agertu dira. Batzuek gauza bat eskatu, baietza eman, eta beste gauzetan laguntzeko ere prest izaten dira”.

Txanponaren beste aldean dago, adibidez, Arratia. Gune euskalduna izaki, bertan gero eta enpresa gehiagoren babesa dutela adierazi du Ortegak. Zehaztu du aurten hiru enpresak lehenengoz erosi dutela kilometro osoa edo erdia. “Agian, batzuek gurago dute Korrika Lagun egin ordez kilometroa erosi”.

Korrika Txikia

Korrikarekin batera, udalerri askotan Korrika Txikia antolatzen dute. Ume eta gazteek ikastetxeetatik atera eta herriko kaleetan zehar egiten dute euskararen aldeko lasterketa “txikia”. Eskualde askotan, baina, astegunez eta eskola orduetan pasatuko da 18. Korrika, eta hortaz, aurreko urteetan baino Korrika Txiki gutxiago egingo dituzte aurten.

Uribe Kostaren kasuan, Leioan, Sopelan eta Urdulizen egingo dituzte, Korrika pasatu aurretik, goizez. “Herri askotan erabaki da eguerdian pasatzen dela aprobetxatu eta umeekin joatea”, dio eskualde horretako Korrikako arduradunak. Arratian ere Korrika nagusira joango dira, bertatik eskola ordutegian igaroko delako. Hala ere, Dimara ez denez joango, hango euskara planetik Korrika Txikia antolatu dute herriko haurrentzat. Bestalde, Enkarterritik goizaldean pasatzen denez, ikasleek Korrika Txikiak egingo dituzte ikastetxeak dauden udalerrietan.

Lan mordoa egin dute eta oraindik ere martxoaren 24a bitartean badute zertan jardun. Gustura egindako lana dela azpimarratu dute hiru eskualdeetako arduradunek, eta dena ondo ateratzeak poztasun handia ematen diela. “Lan polita da, eta eskualdean kutsua uzten du. Gainera, Korrika pasatzean jendearen ilusioa ikusteak asko animatzen du”, esan du Villotak.

Pausoz pauso, martxan da Korrika, eta lekukoa eskuz esku ibiliko da helmugara iritsi arte. Milaka euskaltzaleren beharrari esker, bi urtean behin Korrikaren mezuak Euskal Herria zeharkatzen du. Aurtengo leloak dioenez, elkarri euskara emanez.