Gizakion deontologia

Lanean ondo aritzeko, pertsona hobea izaten saiatu behar duzu egunero. Hori da Mendi lagunak, duela urte batzuk, esan zidan zerbaitetik tatuatuta lotu zaidan ideia. Irratirako pieza bat grabatu behar nuen Nevadatik, eta, etxetik urrun edozertarako behar denez denbora doblea, estu eta larri nenbilen informazioa lortzeko. Hain nengoen urduri, ezen tartea eman behar zidan emakumea larritasunera arte estutu nuen. Gerora esan zidaten arduratuta geratu zela emakumea, esan zuenak izan zezakeen oihartzunagatik. Lana ondo egitearren, emakumea ito beharrean utzi nuen. Bakea ziurtatzeko gerra egitea bezain estupidoa; argi ikusten dut orain.

Xabi Payak idatzi zuen behin, izkiriatzen ikasi zuen lehen berba bere izena izan zela; eta zelanbait, horrek, bere izatearen kontzientzian maila bat gorago eraman zuela. Umeak garenean, izena dugu aurkezpen gutun. Nagusitan, baina, lanbideak hartzen du rol hori. Adibide ederra ditugu honako honen antzeko iritzi-zutabeak: inoiz ikusi al duzu ogibide bako zutabegilerik? Ezezagun bat etxera sartuko balitzaizu bezala izango zen: “Eta hi nor haiz!”. Baina idazlea, ekonomialaria edo musikaria jartzen badu, bai, orduan ondo dago, lasai gaude. Ofizio barik ez gara deus.

1971. urtean, Norman Denisonek ikerketa soziolinguistiko interesgarria egin zuen, Italia ipar-ekialdeko Sauris herrixkan. Askotan aipatu izan da lan hori, eta, legenda zale dudan lagun batek esan zidanez, antza, ikerketa egiten zebilela, herriko emakume zahar baten etxean hartu zuen ostatu. Emakumeak ez zuen ulertzen zelan demontre interesa ziezaiokeen straniero bati herri galdu hartako jendeak zergatik eta noiz erabiltzen zituen zekizkien hiru hizkuntzak. Emakumea samurra zen, gozoa, egunero eramaten zion jateko zerbait arratsalde partean. Baina ez zuen ulertzen Denisonen lana, eta ez zegoen ohituta kontzentrazioa behar zuten ikerlarien inguruan egotera. Neure Nevadako anekdota kontatu nionean kontatu zidan lagunak istorio hori. Irakaspena-edo nuen Denisonek inoiz ez ziola isiltasuna eskatu andreari.

Ryszard Kapuscinski kazetariaren Zinikoek ez dute ofizio honetarako balio irakurri dut arestian, enegarrenez, eta deontologiaz gogoeta egiten duen pasarteetan gelditu naiz ohi baino luzeago. Mandeulia dudanez belarri ondoan, zirikatsu, otu zait ofizio honetarako kenduko nukeela titulutik eta Zinikoek ez dute balio birbataiatuko nukeela lana. Deontologia eremu profesionaletik harago eraman beharko genukeelako, ofizio gabe ere bagarelako. Hortxe hasi beharko baikenu zuzen jarduten, gizon-emakume izate horretan.