Elkartasun bertso-saioa 6

Bertso saioa

Gernika

Etxerat elkarteak preso, iheslari eta erbesteratuekiko elkartasuna oinarri duen bertso saioa antolatu du Gernikako Jai-Alai pilotalekuan, igandean. 17:30ean hasiko da emanaldia, eta puntako bertsolariak izango dituzte: Xabier Amuriza, Igor Elortza, Unai Iturriaga, Jone Uria, Fredi Paia, Xabi Paya, Etxahun Lekue, Onintza Enbeita eta Arkaitz Estiballes. Josu Goikotxeak egingo ditu gai-jartzaile eta gidari lanak.

Saioa aurkezteko ekitaldian Fredi Paiak eta Onintza Enbeitak azaldu zutenez, “arazoa konpontzeko inplikazioa” eskatuko du saioak, presoak Euskal Herrira ekartzea “gizartearen eskaera” delako. Hori dela eta, elkartasuna sustatzeko asmoz, Etxean nahi ditugu lelopean zabaldu dute egitasmoa.

Etxerat-ek adierazi duenez, urtero-urtero Oiartzunen (Gipuzkoa) babesa adierazteko antolatzen duten saioaren antzekoa izatea nahiko lukete. “Aurten pauso bat gehiago eman, eta Bizkaian ere bertsoa eta elkartasuna uztartu nahi izan ditugu; hala, lehen aldiz bertso saio paregabe bat antolatzera ausartu gara”. Izatez, Bizkaiko Bertsolari Txapelketako finaletan ibiliak dira partaide guztiak.

Egitasmoaren bidez, ihes eginda, preso edo erbesteratuta daudenen senideen eta lagunen testigantzak zabalduko dituzte. Horrez gain, sakabanaketak eragiten duen gastu ekonomikoari aurre egiteko, Etxerat-en eguneroko lana egiteko, diru laguntza lortzea du xede saioak. “Etxerat, batez ere, senide eta lagunon laguntzatik bizi da”, adierazi dute. “Etxerat oso elkarte plurala da, baina bada guztiok batzen gaituen nahi eta helburu bat: gure senide eta lagun diren euskal preso, iheslari eta deportatuak etxean izatea”, gaineratu dute.

BERTSO SAIOA

Non. Gernikan, Jai-Alai frontoian.

Noiz. Martxoaren 17an, igandea. 17:30etik aurrera.

Sarrerak. Aurretik erosten badira, 10 euro dira; txarteldegian, 12 euro.

Salmenta lekuak. Gernikan, Auzokoa eta Arrano tabernan; Bilbon, Erronda kaleko Herriko Tabernan; Durangon, Plateruenan, eta Markinan, Txokoan.