Bakioko txakolindegien uzta berria aurkeztuko dute

San Jose jaien barruan, bihar egun handia dute Bakion. Herriko lau txakolindegik uzta berria aurkeztuko dute eguerdian. Aurtengo aitabitxia Alex Txikon alpinista izango da.

Goizeko hamarretan, Bentako plazatik Zubiaurrealdeko pilotalekuraino kalejira egingo dute, txistularien doinuek lagunduta. Ondoren, azoka zabalduko dute, eta, eguerdiko hamabiak inguruan, ohorezko aurreskuaren ostean egingo dute uzta berriaren aurkezpen ekitaldia. Hain zuzen ere, Bizkaiko Txakolina jatorri izena duten herriko lau txakolindegiren ekoizpena erakutsiko dute. Gainera, txakolin dastaketari laguntzeko, arkumetxo pintxoak banatuko dituzte.

Astearterako ere hainbat ekitaldi antolatu dituzte, San Jose eguna jai giroan ospatzeko. Goizean, kalejira, meza nagusia, herri kirolak eta umeentzako pailazoak egongo dira, eta pintxo eta txakolin dastaketa egingo dute. Bestalde, Bakio, el pueblo habla a través de sus símbolos liburua aurkeztuko dute.

SANJOSEETAKO AZOKA

Zer. Bakioko lau txakolindegiren uzta berriaren aurkezpena.

Non. Txakolingunean.

Noiz. Bihar. Azoka 10:30ean zabalduko dute.