Aurtengoan badator

Herriz herri milaka kilometro egiten ditu Korrikak. Alabaina, hainbat udalerritik pasatu barik geratzen da, hamar egunez Euskal Herriko udalerri guztiak zeharkatzea ezinezkoa baita. Oraingoan ere, hainbat auzo eta herri geratuko dira ibilbidetik kanpo, eta bestalde aspaldi bisitatu gabeko herriak igaroko ditu Korrikak. Horietan ilusioz itxaroten dute haren etorrera; nahiz eta Ziortza Bolibarretik eta Munitibarretik bezala, beste herri batzuetan ere, eguna argitu orduko heldu.

Ziortza Bolibartik, esaterako, martxoaren 23an goizeko 06:00ak aldera pasatuko da. Herritarrak ilusio handiz daudela azaldu du Bego Arriaga Korrika Batzordeko kideak: “Jendea gogotsu dago eta hiru kilometro eta erdi saltzea lortu dugu”. Izan ere, Iruzubieta auzotik behin baino gehiagotan igaro da, baina Bolibarko herrigunetik orain arte ez.

Herriko hainbat taldetako ordezkarien eta herritarren artean osatu dute Korrika Batzordea, eta denen artean Korrika helduko den egunerako egitaraua prestatu dute. Lasterketari goizean goiz ekingo diotenez, txokolate jana antolatu dute, arineketan egin ostean indarberritzeko. “Jubilatuen elkartean prestatu eta banatuko da”.

Peto tailerra umeekin

Gero, arratsaldean Korrika Txikia egingo dute. “Bostak inguruan elkartu eta peto tailerra egingo dugu lehenengo, eta ostean Korrika Txikia”. Arratsaldea ondo amaitzeko talo jana egingo dute. Bestalde, Arriagak zehaztu du martxoaren 24an Baionarako autobusa antolatzen ari direla, Korrikaren azken jaira joan ahal izateko. “Autobusa betetzen ez bada, Markinakoekin elkartuko gara”, azaldu du.

Munitibarretik ere aspaldi ez da igaro Korrika. “Orain dela 10 Korrika-edo pasatuko zen azkenengoz hemendik”, esan du Josean Sarrionaindia euskara zinegotziak. Ondorioz, Markina, Aulesti edo inguruko herriren batean parte hartu dute azken urteetan.

Aurten, hilaren 23an pasatuko da bertatik ere. Hala, herritarren aspaldiko nahia beteko da. “Hainbeste urtetan jendea eskatzen ibili da Korrika etor zedila, baina beste orduren batean izan balitz, askoz hobeto”, dio barrez. Izan ere, goizaldeko 05:30k aldera pasatuko da, eta haurrentzat batik bat ordu txarra da. Dena dela, herritarrak animatzea espero du Sarrionaindiak. Bi kilometro egingo dituzte munitibartarrek; bata, guraso elkarteak eta gaztetxeak erosi dute erdibana, eta bestea udalak. Hala ere, umeek aurreko egunean egingo dute Korrika Txikia. “Eskola txikia da, hogei bat ume daude, baina beti egiten dute Korrika Txikia. Aurretik, kartelak eta dorsalak prestatzen dituzte. Denek dakite zer den Korrika eta oso emozionatuta ibiltzen dira”.

Munitibarren eta Ziortza Bolibarren bezala, izan Korrika nagusia zein txikia, Euskal Herriko beste txokoetan ere ziur pozez eta ilusioz emango diotela ongietorria Korrikari. Izan ere, bi urterik behin ume, gazte zein heldu euskararen aldeko pausoak ematera ateratzen da kaleetara eta errepideetara. Milaka euskaldunen eguneroko lan isila aldarrikapen ozen bihurtzen da orduan.