“Arrantzatzen dugunagaz ez dugu betetzen arrainaren eskaria”

Aztin egiten du beharra Leire Arantzamendi Egigurenek (Ondarroa, 1973), Itsas Ikerketa Sailean, akuikulturan. Arrainaren elikaduran dago espezializatuta, lipidoen metabolismoan eta horrek arrainaren kalitatean daukan eraginean, jakitun izanik osasunerako garrantzia daukala “kate luzeetako lipido batzuk bai arrainaren hazkuntzan, bai ongizatean eta bai azken produktuan agertzeak”.

Tesia eta ikasketak horren inguruan joan ziren. Las Palmasko Unibertsitatean hasitako bideari Senperen eta Bartzelonan eman zion jarraipena. Markina-Xemeinen, Lea Artibai ikastetxean lan egin zuen gero. Eta, 2010az geroztik, Sukarrietan ari da, Azti-Tecnaliaren egoitzan.

Akuikultura zer den galdetuta, erraz ulertzeko definizioari egin dio kolpe: “Uretako eta uretan bizi den organismo oro eremu kontrolatu batean haztea da”.

Akuikulturan ari diren enpresa gutxi daude Euskal Herrian; tona gutxi ekoizten dira hamen, baina, arrainaren kontsumo joerak ikusita, premiazko funtzioa betetzen du akuikulturak. Horren adibide da Eusko Jaurlaritzak martxan ipini zuen 2008-2014 Akuikultura Programa. “Akuikulturak Euskal Herrira zer ekar dezakeen, zein espezie gara dezakeen eta zein lekutan egin ahal den aztertzea” da haren helburua. Horren ildotik doaz Aztiren garapenak ere: “Produkzio sistemak probatzen ari gara, eta espezie ezberdinak, produkzioen bideragarritasuna aztertzeko, betiere, merkatuari begiratuta: balio handiko produktua eskaini behar du akuikulturak, kalitatezkoa, eta merkatuan prezio ona izan behar du”, azaldu du.

Akuikultura bera, beste leku batzuekin alderatuta, oso garestia da Euskal Herrian: “Gure lurraldea garestia da edozein produktu ekoizteko, akuikultura garatzeko beharrezkoak diren lurra, ura eta energiaren kostuak altuak direlako”. Akuikultura, gainera, ez da garatzen industria lurretan. Beraz, bai energia bai lurraren prezioak ere altuak izaten dira. “Batez ere itsasoko espezieak produzitzeko kostaldeari lotuta egon beharrak beste hainbat aktibitategaz leihatzea eskatzen du; etxe eraikuntzagaz, turismoagaz eta arrantzagaz, besteak beste, horrek lurraren kostea asko garestitzen duelarik”.

Zailtasunak zailtasun, aberastasuna ekar dezakeen aktibitatea da, eta arrantzaren osagarria izan daitekeena. Azken urteetako joera ikusita, “hurrengo urteetan akuikulturaren erronka nagusia mundu osoan arrain produktuen eskariari aurre egitea izango da”. Gaur egun, akuikulturak eta arrantzak erdiz erdi betetzen dute eskari hori.

Galdutako orekaren bila

Baina azken urteetan arrainaren eskaria hazten doala azaldu du ikerlariak. “Garapen ekonomikoagaz batera, poblazio horren arrain produktuen eskariak gora egingo du; batez ere Asian. Europa mailan ere eskaria igotzen doa, nahiz eta krisia eskaria moteltzen ari den”. Beraz, akuikulturaren haztapena derrigorrezkoa izango da mundu mailan arrain produktuen eskari hori asetzeko, arrantzaren produkzioa ez da-eta hazi 1990eko hamarkadaz geroztik. 2010. urtean munduko populazioa 8,1 milioikoa zen, eta pertsona bakoitzak urtero 18 kilo eskatzen zituen. 2030ean ia 8,5 milioiko populazioa espero da munduan, eta eskaria 20 kilora igoko da.

Eskariari erantzuteko eskaintza nahikorik, baina, ezin du eman itsasoak: “Euskal Herrian, arrantzatzen dugun guztiagaz, ez dugu betetzen arrainaren kontsumoaren eskaria, apartetik ere ez”. Japoniaren atzetik, pertsonako urteko arrain kontsumo eskari handienetakoa dauka Euskal Herriak.

Askotariko ekoizpena

Itsasoko arrainei dagokienez, erreboiloa eta mihi arraina daude arrain haztegietan, eta, besteak beste, bakailaoagaz ari dira probak egiten. Ur gozoan, berriz, aingiraren eta amuarrainaren produkzioak egon dira orain arte. Egun, badago enpresa bat tilapia garatzen ari dena. Egiptotik datorren espeziea da tilapia, arrain zuria, eta Euskal Herrian oraindik orain ezezaguna bada ere, Asian, Afrikan eta AEBetan asko kontsumitzen da. Munduan karparen atzetik ekoizten diren arrain espezie garrantzitsuenen artean bigarrena da. “Datozen urteetan hemen tilapiaren industria produkzioa egitea espero da”.

Euskal Herrian, Europan eta nazioartean ere akuikulturaren ardatz izatea lortuko du Aztik. Europako Akuakultura Elkarteko parte izanda, Aquaculture Europe 2014 Akuakulturako Nazioarteko Biltzarra antolatuko du erakundeak —2014. urtean da egitekoa, Donostian, Kursaalean—. Arantzamendik bertan parte hartuko du, tokiko antolakuntza batzordean.