Basurde populazioa gutxitzeko ehizaldiak egokiak diren, ezbaian

Basurde kopuruak gora egin du azken urteetan Bizkaiko mendi eta basoetan. Gorakada horri aurre egiteko helburuarekin, Bizkaiko Foru Aldundiak luzatu egin du ugaztun hori ehizatzeko kanpaina. Hain zuzen, bi aste gehiago izango dituzte ehiztariek uxaldiak antolatzeko: irailaren 9an abiatu zuten kanpaina otsailaren 12an bukatuko dute, beraz. Orain artean, foru aldundiak jakinarazi duenez, urtarrileko azken asteburura arte egiten zen.

Basurdeen populazioa kontrolatzeko modu bat da. Horrez gain, animalia horren kopurua handituta, baserrietan, ortuetan eta landetan gero eta kalte gehiago sumatzen ari direla gogorarazi du foru aldundiak. “Baserri inguruetan izaten dira kalte arruntenak, baita abelburuak zaintzeko prestatutako eremu hesituetan ere, basurdeek janari bila sartzeko ahaleginak egiten dituztelako”.

Bestalde, hainbat eta hainbat gidarik harrapatu dute basurderen bat ibilgailuarekin. Batzuetan, kalte materialak soilik gertatzen dira; beste batzuetan, istripu larriagoak izaten dira.

Egoera horri aurre egiteko modurik eraginkorrena ehiztarien uxaldiak direla deritzo foru aldundiak. Kanpaina honetarako, 678 antolatu dituzte. Bizkaian goraka doa basurdearen populazioa, eta haren kopuruaren gainean “presio handiagoa” egitea du helburu Nekazaritza Sailak neurri horren bitartez. Negua iritsita, Bizkaiko eremuetan inguruetan baino klima epelagoa aurkitzen dute animaliok, eta janari ugari; egoera horrek erakarrita, bertora jotzen dute espezie horretako animalia askok eta askok.

Gorakada horri aurre egiteko, lurraldea ehizagune jakin batzuetan banatuta dauka foru aldundiak. Beste aldean, basurde ehizarako prest dauden ehiztari talde antolatuak daude. Sasoia hasi aurretik, zozketa bidez talde bakoitzak zein gunetan eta zein egunetan jardungo duen zehazten da. Ehizaren gaineko kontrola foru aldundiak dauzkan basozainen bitartez bideratzen da. Ehiztari talde bakoitzak taldeburu bat izendatu behar du, eta hori egongo da foru aldundiarekin harremanetan. Uxaldia non hasiko den jakinarazi behar die taldeburu bakoitzak basozainei. Behin jarduera gunea zehaztuta, seinaleak jarri behar dira uxaldia egiten ari direla adierazteko. Ehiztarien janzkerak ere berezia izan behar du: jaka fluoreszenteak eraman behar dituzte.

Baserritarrak, pozik

Bizkaiko EHNE sindikatuak “ondo” ikusten ditu basurdeak ehizatzeko kanpainak. Hala azaldu du Alberto Llona teknikariak: “Uxaldiak dira neurri eraginkorrena basurdeen populazioa kontrolatzeko”.

Hark ere baieztatu du azken urteetan “asko” handitu dela basurde kopurua Bizkai osoan. Hazkunde horren aurka egiteko beste neurri batzuek lehenago emaitza onak eman badituzte ere, besteak beste, kaiolak jartzeak, esan du “populazioa gaur egungoaren bestekoa denean” kaiolak ez direla nahikoa. “Izan ere, basurdeak ez dabiltza bakarka, taldeetan baizik”, azaldu du.

Urteko sasoi bakoitzaren arabera basurdeek egiten dituzten kalteak desberdinak dira, Llonaren esanetan: “Orain eta udara arte, kalteak, batez ere, landetan gertatzen dira. Udan eta udazkenean, berriz, ortuetan ere egiten dituzte”.

Errigoitiko Matsamatzarre baserriko Rosa Maria Izagirrek ondo baino hobeto ezagutzen ditu basurdeek sortzen dituzten kalteok. Izan ere, aspalditik, urtero dituzte arazoak basurdeekin. “Uxaldiak” dira, haren ustez ere, basurdeen gehiegizko kopuruari aurre egiteko biderik egokiena.

Bere baserri inguruan, baina, uxaldi horiek ez dute eraginik. “Eremu babestua izanik, ezin daiteke ehizarik egin”, esan du. Beraz, kalteak dituztenetan Base Gorrira deitu eta perituak kalteak zenbatzeaz gain, kaiolak eraman edo arkuekin azaltzen direla azaldu du. “Horrek, ordea, ez dakarkigu konponbiderik. Uxaldiak beharrezkoak ditugu, gure eremua ehiza erreserba izan arren. Izan ere, azken urteetan, bikoiztu ez, laukoiztu ere egin da basurdeen kopurua. Uxaldirik gabe, beraz, ezinezkoa da horiek gutxitzea. Kontuan hartu kume asko egiten dituztela”.

Jakinaren gainean egiten du berba, gainera, Rosa Mari Izagirrek. Baserri aurre-aurrean agertu zaizkie basurdeak behin baino gehiagotan. “Egun batean, 18:30 inguru ziren, eta zortzi basurde zeuden atarian! Ez dira ikaratzen. Zakurra bidaltzen diegu uxatzeko eta alde egiteko, baina aurre egiten diote”, azaldu du.

Ortuan kalte gehiago egitea eragozteko, hesi elektrikoa jarrita dute. “Gainerakoan, ezin genuen uztarik jaso. Ortuan, beraz, jada ez dira sartzen. Bai, ordea, landetan. Lurra altxatu egiten dute, eta han ezin da belarrik hazi”, salatu du, etsituta.

Basurdeen kopurua hazi izanaren arrazoia zein den argi dauka Izagirrek: “Hainbat urtetan ez delako ehizarik egin. Uxaldiak eginda ere, hainbat basurde geratuko dira bizirik”.

Beste bide batzuk ere probatu dituzte Errigoitiko baserri horretan. Foru aldundiak jartzen dituen kaiolak, hain zuzen ere. “Janaria sartzen diete barruan, eta sartu egiten dira. Bateren batzuk jausten dira. Iaz txiki bi jausi ziren. Duela bi urte, sei-zortzi jausi ziren. Orain, ordea, asko daudenez, uxaldirik ezean, ez dago zer eginik”, iritzi dio. “Nik ez dut uste denak hil behar direnik; bai, ordea, asko eta asko”, ondorioztatu du.

Bioaniztasun neurri berriak

Ekologistak ez datoz bat uxaldien neurriarekin; ez, gutxienez, gaur egun planteatuta dauden moduarekin. Eguzki taldearen ustez, basurdearen gaur egungo egoera desoreka baten ondorio da. Hain zuzen ere, Garikoitz Plazaola talde ekologistako kideak azaldu duenez, “kudeaketa egoki baten falta da hori gertatzearen arrazoi nagusia”. Kudeaketa desegoki hori bi alorretan gertatu dela deritzo: basogintzaren eta bioaniztasunaren alorretan.

Plazaolaren esanetan, basurdeak, Gipuzkoan eta Bizkaian, ez du etsai naturalik. “Eta horri gehitzen badiogu administrazioak, foru aldundiak bereziki, aurrera eraman duen politika, basurdearen zabalkundearen arrazoia aurki dezakegu”.

Gogora ekarri duenez, duela zenbait hamarkada basurdeen populazioa “nahiko txikia” zen Bizkaian. “Horrek babes politika bat aurrera eramatera bultzatu zuen”. Babes politika hori basurde gehiago egotera bideratu izanak, ordea, ez duela “batere zentzurik” deritzo.

Eguzkiren ustez, basurdeen kudeaketa txar horren adibide garbiena uxaldi horietan dago: “Baldintzak jarri dituzte basurdeak ehizatzeko. Horietako bat, emeak errespetatzea da. Hala ere, denok dakigu populazio bat kontrolatzeko modurik onena eme kopurua mugatzea dela”, esan du Plazaolak.

Eguzki talde ekologistaren iritziz, “lehenik eta behin baloratu beharko da zenbat basurde bizi daitezkeen habitat jakin batean, eta, gero, ezarritako zenbaki hori lortzeko baliabideak jarri”. Ehiza “arazo jakin batzuetarako” konponbidea izan daitekeela sinetsita ere, zer eta nola egin behar den ondo aztertu behar dela deritzote Eguzkikoek: “Baloratu egin behar da aztertzen den eremu jakin horretan zenbat basurde dauden eta zenbat ehizatu behar diren eta zeintzuk. Ez gaur egun egiten den bezala, batere irizpide logikorik finkatu gabe”.

Foru aldundiak badauzka zenbait arau ezarrita. Besteak beste, basurde emerik ez hiltzeko agindu du; arrak soilik hil ditzakete ehiztariek. Bestalde, denak ez hiltzeko agintzen dute: batzuk utzi behar dira populazioa mantentzeko. Basozainek kontrolatzen dute zenbat eta zeintzuk hiltzen diren. Aurten aztertuko dute zenbat eta zelan harrapatzen diren. Eta, horren arabera, balorazioak egingo dituzte, populazioari eusteko. Datu horiekin, hurrengo urterako kalkuluak egiten dira.

Kaltetuentzako ordainak

Basurdeek kalteak eragiten dizkietenentzako protokolo bat dauka jarrita Nekazaritza Sailak. Baserritarrak inguruko basozainari edo Base Gorrira deitu behar du (94-446 52 97). Horren ostean, kalteen tasazio bat egiten dela azaldu du Bizkaiko EHNEko Llonak. Rosa Mari Izagirreren esanetan, kalte-ordain horiek ez dira kalteak estaltzeko behar bestekoak. Ehiza elkarteak ordaintzen ditu, horretarako beren-beregi duten aseguru baten bitartez.

Eguzki taldeak ere jakin badaki zenbait baserritarrek basurdeek eragindako kalteak pairatzen dituztela. Basotik atera eta baserrietara hurbiltzeko arrazoia zein izan daitekeen ere azaldu du Garikoitz Plazaolak: “Basoa baino gehiago, landaketak bultzatu dira, eta bioaniztasun urriko habitatak sortu dira; ondorioz, basoko faunarentzako elikagaiak gutxitu egin dira”. Kalteak Ehiza Federazioak ordaintzea aurreikusita egon arren, tirabirak sortzen direla azpimarratu du. “Noiz eta zenbait ordaindu behar den adostu ezinik ibiltzen dira”. Plazaolari “xelebrea” iruditzen zaio kalte-ordainak ehiztariek eurek baloratzea.

Errepidean basurde bat harrapatuz gero, bestalde, prozesua beste bat da. Foru aldundiak dio ezinezkoa dela eragoztea basapiztiak leku batetik bestera ibiltzea. Basurdeek ibilaldi luzeak egiten dituzte. Istripu bat izaten duenak bere aseguru etxearen bitartez bideratu behar du kalte-ordainen kudeaketa.

Basurdeen ohiturak

Basapizti horien bizileku gustukoena hosto erorkorreko basoak dira, baina orojaleak direnez, habitat ugaritara egokitzeko aukera dute. Arrak, bakarrik ibiltzen dira; emeak, berriz, kumeekin. Oro har, gaueko animaliak dira: ilunpetan ibiltzen dira janari bila. Baina egunez ere ikus daitezke, eta gizakiarengana inguratzen dira basoan janaria urritzen zaienean.