Bilduk eta beste 15 taldek ez dute nahi Santurtzin uranioa deskargatzerik

Bilboko portua “Espainian erregai nuklearra zabaltzeko bide” gisa aukeratu zutela zioen albistea berehala zabaldu zen zenbait komunikabideren bitartez. Horrez gain, portu horretan bertan, lehenengoz, barruan 12 tona oxido uranio zeramatzaten kontainer bi deskargatu zituzten duela bi aste, handik Espainiako zentral nuklearretara bideratzeko.

Albiste horrek kezkatu egin ditu herritarrak, baita elkarte ekologistak, hainbat talde eta zenbait alderdi politiko ere. Hain zuzen, Santurtziko Bildu koalizioak atzo bertan praktika horren aurkako urgentziazko mozioa aurkeztu nahi zuen osoko bilkuran. Udalak, ordea, mozio hori atzoko osoko bilkurarako onartzeko modurik ez zegoela adierazi zuen, Bilduren arabera: “Ricardo Ituarte alkateak eta EAJko udal gobernuak ezetz erabaki dute, epeekin lotutako hainbat kontu legal eta administratibo argudiatuta”, azaldu zuten astelehenean eman zuten prentsaurrekoan Imanol Urtiaga Santurtziko zinegotziak eta Asier Vega batzarkideak. Adierazi zuten legearekin lotutako kontu horiek “beste batzuetan” ez direla izan oztopo.

Bilduk gogora ekarri du Santurtziko portuan erregai nuklearra deskargatu eta handik Salamancara (Espainia) eramateak herrira merkantzia hori iristeaz gain berau garraiatzen duten kamioiak ere handik igarotzea dakarrela eta horrek “arriskua” sortzen duela “bai deskarga lanetan eta bai gure herriko errepideetan barrena egiten den garraioan ere”.

Hori dela eta, atzo aurkeztu behar zuten proposamenaren bidez, besteak beste, Santurtziko Udalak “ezinegona” agertzea nahi zuten, ez diotelako jakinarazi Santurtziko portuan “material nuklearra” —uranio oxido aberastua— deskargatuko zutela, “horrek populazioarentzat dakarren arriskua kontuan hartuta”.

Bestalde, udalak energia nuklearraren inguruan egindako akordio eta jarrera guztiak berrestea proposatu dute, “bereziki, Santurtzi udalerri ez-nuklearizatu gisa aurkezten duen adierazpena”. Horrez gain, Santurtziko Udalak osoko bilkuran onartutako akordioa bermatzeko konpromisoa hartuko duela jasotzen du proposamenak. Batez ere, “inongo garraio erradioaktibo herrian barrena ez ibiltzea edo bertan aparkatzea”.

Azkenik, Santurtziko Udalak konpromisoa hartu beharko luke, proposamen horren arabera, “beharrezko gestio guztiak” egiteko “eskura dituen baliabide guztiak erabilita, behar diren erakunde, enpresa eta agente guztiei interpelatuta, merkantzia nuklearrak edota populazioarentzat arriskutsuak izan daitezkeenak herrian ez jasotzeko edo handik ez garraiatzeko”.

Eguzki ere, kontra

Bilduren akordio proposamen horrekin hamabost talde ekologista, auzo elkarte, alderdi politiko eta taldek egin dute bat. Besteak beste, Eguzki talde ekologista bat dator koalizioarekin. Talde horrek lehenago ere agertua zuen bere kezka. Haren arabera, “astakeria bat” da era horretako materialak Bilboko portura iritsi eta handik garraiatzea. Gogora ekarri du, batetik, portuko trafikoa handia dela —merkantzia zein pertsonei dagokiena— eta, bestetik, milioi bat biztanlez inguratuta dagoela. “Oso jarduera arriskutsua dela deritzogu, are gehiago jendea bizi den eremu batean”.

Euskal Herrian zentral nuklearrik ez dagoenez era horretako merkantziarik ere ez dela behar deritzo Eguzkik. Erregai nuklearra zeraman konboiak igaro dituen herrietako asko “espazio ez-nuklearrak” direla eta “berriro ere” herritarren desioak urratu direla adierazi du. Horregatik guztiagatik, duela bi aste “sortutako arrisku egoera berriz sortzeko” eskatu du.