Jose Luis Arenillas

Duela hirurogei eta hamabost urte gaurko egunez Jose Luis Arenillas Ojinaga, beste gudari asko legez, Galdamesen gaua emanda, Kantabriarako bidean jarri zen. Etsaien hatsa kokotean igertzeko moduan zeuden egun berean sartu baitziren soldadu frankistak Barakaldon, Sestaon eta Ortuellan. Bizkaiko lurretan gehiago eusterik ez zegoen, eta aukera bakarrak pasiegoen lurraldera ihes egitea edo amore ematea ziren. Bilboko mediku gazteak ez zeukan errenditzeko inongo asmorik, eta hurrengo asteetan ere adorez jarraitu zuen bere eginkizunetan. Ez luzaroan, ordea. Abuztuaren erdialdean Santander inguruko frontea erortzen hastearekin batera, errepublikaren aldekoen artean nahasmena zabaldu zen. Batailoi batzuk Asturiaserantz erretiratzea erabaki zuten; EAJren banderaren pean zeudenak, aldiz, Santoñako Ituna zela medio, italiarrei eman zizkieten euren armak. Teorian baldintza batzuk zeuden arren, gudariek ez zuten izan inongo bermerik, eta lehenengo egunetik aurrera gerra gatibuen tratua jasan zuten. Batzuen patua besteena baino latzagoa izan zen. Arenillas, adibidez, itsasoz ihes egin nahian ari zela harrapatu zuten. Irailaren seian zazpi kiderekin batera epaitu zuten, eta heriotza zigorra ezarri zieten. Udazkenean epaile frankistek besteei zigorra gutxitzea erabaki zuten, baina Arenillasenak indarrean jarraitu zuen. Azkenik, 1937ko abenduaren 18an fusilatu zuten, Bilbon.

Jose Luis Bizkaiko hiriburuan jaio zen, 1904an. Medikuntza ikasi ondoren, arrantzaleen kofradia batean hasi zen lanean; aldi berean, borroka politikoan buru-belarri murgildu zen. Komunista heterodoxoa izanik, 1932an bat egin zuen korronte horretan kokatzen zen Izquierda Comunista taldearekin. Gorria izateaz gain, Arenillasek bazeukan nazio-kontzientzia, eta horren lekuko dugu Comunista aldizkarian Jose Mari anaiarekin batera kaleratu zuen artikulua, El problema de las nacionalidades en Euzkadi. Bistan da gaurko protagonista ale bitxia zela, garai hartan ez baitzen oso ohikoa bi sentsibilitate horiek (soziala eta nazionala) uztarturik aurkitzea.

POUM alderdia sortu zenean (gogoratzen Tierra y Libertad filmea?), berriz, zuzendaritzako kide izendatu zuten. Ardura horietan zebilen gerra piztu zenean, eta, denbora galdu barik, fronterantz irten zen lehenengo zutabea antolatzeko lanei lotu zitzaion. Uda Ubidea eta Urkiola inguruetako kanpaina ospitaletan eman zuen, eta Jaurlaritza osatu zenean, urrian, Agirre lehendakariak Gudarosteko Sanitateko ikuskatzaile izendatu zuen. Badirudi ondo aritu zela lanean, Bilbo jausi aurretxoan euskal armadako Sanitateko Nagusi kargura igo baitzuten. Hortik aurrekoak gorago aipatu ditut.

Jose Luisek hil aurreko gutuna idatzi zuen ziegan. Bertan Ajuriagerrari eskatzen zion Bilbon lanetik bota zuten (37 urtez maistra izan ondoren) amaren ardura har zezala eta gutuna Frantzian haurdun zegoen bere emazteari helduaraz ziezaiola. Gaitza benetan gutun hori hunkitu barik irakurtzea. Zutabe honek bere senideen arrastoa aurkitzen lagunduko baligu, nik neuk behintzat sentituko nukeen poza hunkidura horren parekoa litzateke.