Kontrapuntu

Ezustean iritsi da, bera bakarrik, zer deneko barik, eta burrunba urdurian hasi zait, run-run eta run-run, zer edo zer esan guran. Eta berben etxea bisitatu dut bere esanahi kanonikoa ezagutzeko. Errenazimentuko musika polifonikoaren oinarria dela irakurri dut, konposizioa egiteko modu bat non aldi bereko doinu lerroak garatzen diren modu askotara, tonuak, isiluneak edo erritmoak konbinatuz.

Eta barruko run-runari jarraituz imajinatu dut oso ederra dela bi lagun kantuan entzutea, ahots batean, prozesu garden bakarrean; baina, beharbada, ederragoa dela bi lagun kantuan aditzea, nor bere bidetik balebiltza lez, baina bata besteari adi, emaitza bakarra xede.

Lehenengo bikoteak badaki batera joan behar duela, erritmo eta nota berberei jarraituz, bien artean ahalik eta gauza berdinena eginez.

Bigarrenean ere, emaitza bakarra dute helburu, nahiz eta bideak ezberdinak izan. Tonuak alda ditzakete, melodia ere bai, erritmo mota diferenteekin joka dezakete edo isilune luze eta laburrekin, baina jakinaren gainean egon behar dute norabide anitzeko bide horien artean ezin direla ez gehiegi aldendu ez erabat galdu, ekarpen guztien arteko armoniari zor.

Eta, halaxe, nire aste osoko run-runa deszifratu guran, pentsatu dut, agian, errenazimenduan sortu bazen, konposizioa egiteko beste modu bat lez, ez naizela historiako kontrapuntu zale bakarra. Eta jabetu naiz XX. mendean literatura eta beste adierazpenak lotzeko joko gisa erabili izan bada ez naizela ari gauza arraroak esaten ere. Nobelak eraikitzeko teknika modura ere ondo frogatua dagoela ikusi dudanean, aldiz, are gehiago poztu naiz, ikuspuntu ezberdinez osaturiko istorio paraleloen bildumak osatzea izan daitekeelako, berriro ere, egungo bizimodu aniztuna eta konplexua irudikatzen hasteko modu eraginkor bat.

Eta, orduan, pentsatu dut, beharbada, beste mota bateko diziplinak harremantzeko ere balio dezakeela kontrapuntu kategoriak, nahiz eta berori sortzeko minimoen berri ere argi eduki behar: partaide bakoitzaren auto-ezagutza, jokoan parte hartzeko borondatea eta guztien artean kantu bat sortzeko nahia.

Eta oso ideia sinplea dirudien arren, otu zait igual tramankuluak itzali eta berriro kantuan hasteko sasoia dela, run-run, tip-tap, pun-pun, ahoz, eskuz edo hankak erabiliz, entrenamendu gisa, beste barik. Hasieran, bakarrik, nor bere ahotsa entzuteko. Gero, binaka baina ahots bakarrean, larregi desafinatu barik elkar entzuten hasteko. Ondoren, frogak egiten has gaitezke, duora, bata isilik eta besteak ozen…

Berriro diot, apika, oso ideia sinplea begitanduko zaizue, baina burtsari, teleberriei eta titular apokaliptikoei kontrapuntu egiteko saiakera bat baino ez da.

Run-run, run-run, rupata-papa, pun-pun! Eta, aire!