Getxotik, euskararen etorkizunaz

Aurkezpen astea izan zen maiatzeko lehena Getxon. EAJren Gobernu Taldearen 2012-2015 Legegintzaldi Planaren inguruan aritu ginen gure azken ohar publikoan. Oraingo honetan, joan den ostegunean Areetako Andres Isasi Musika Eskolan aurkeztutako Euskara Biziberritzeko III. Planaren aurkezpenaz arituko gara. Bai, Planaren aurkezpenaz arituko gara, ez dugu planean sakonduko. Alde batetik, ezin dugulako, 2011n II. Plana agortu bazen ere, ez dutelako III.a aurkeztu; bestetik, Getxoko Udalak antolatu zuen aurkezpenaren inguruan hausnartzea beharrezkoa ikusten dugulako.

Musika Eskolako areto nagusia, diseinu txukunez egindako liburuxka eta material piloa, pantaila erraldoia urrutiko agintez kontrolatuta, aurkezlea… Edozein ekitaldi garrantzitsuk behar duen guztia bazegoen Areetan. Egunak merezi zuen; alkateak argi utzi bezala, euskarak ere plan estrategikoa premiazkoa du Getxon.

Baina arrastiko izarra izan behar zuen gure hizkuntza zaharra izar mediatikoago baten argiagatik itsutua izan zen: Juan Jose Ibarretxe Markoartu jauna. Euskarak Getxon duen etorkizunaren inguruan sakontzera joan ginenok zalantzaz beterik bueltatu ginen etxera: “Zein izan da aurreko planaren asebetetze maila?”, “D ereduaren aldeko lanketarik egingo da plan berrian?”, “kirol arloan zein neurri hartuko da euskalduntzea bermatzeko?”. Horren ordez, gehiegi sakondu gabe alkateak aurkeztutako datu estatistiko batzuekin eta Ibarretxeren speech-arekin aurkitu ginen.

Ez diogu meriturik kendu nahi euskara haren bizitzaren parte egitea lortu zuen lehendakari ohi bati —nahiz eta, izan zituen baliabideak kontuan hartutik, ez dugun uste adibide esanguratsua denik—; Ibarretxek hizketaldia euskara zuzenean egin zuen, atzerriko zein Euskal Herriko jakintsuen aipu interesgarriak eginez eta esaera zahar ederrekin mezuak borobilduz. Hori ez dugu ukatuko. Bertaratu ziren askorentzat nahikoa izan zen etxerako bidea ahoan irribarrea zutela egiteko; horretara, Ibarretxe ikusi, entzun eta musukatzera hurbildu baitziren asko eta asko.

Baina horrek ez dauka zerikusirik Getxo euskaldun batean bizi ahal izateko, erakundeetatik zein herritik, elkarlanean, diseinatu beharreko plan estrategikoarekin eta aurrera eraman beharreko borrokarekin. Guraso elkarteetan, bertso eskolan, berbalagun taldean, euskaltegian, aldizkarian zein beste hainbat gunetan, herria euskaratik eta euskaraz eraiki ahal izateko lan handia daukagu egiteko oraindik; argi ikus daiteke hori Euskara Zerbitzuak egin duen datu bilketan.

Neurri ausartak behar ditugu; motibazioa guztiaren oinarrian dago, baina horretarako ezinbestekoa dugu ezagutza. EAJk 30 urtez aurrera eramandako euskara politikaren bidez, %29 bakarrik dugu gaur egun euskaldun Getxon. A eta B ereduen gotorleku erreferentea izaten jarraitzen dugu. Etorkinen %0,4 besterik ez dago eredu euskaldunetan derrigorrezko bigarren hezkuntzan. Udalak, barnera zein kanpora begira, oraindik ez ditu hizkuntza eskubideak errespetatzen. Oso gutxi dira euskaraz erosteko aukera ematen diguten herriko dendak. Egitekoen zerrenda luzea da, luzeegia.

Horregatik, utz diezaiogun “izar famatuak” ekartzeari eta hel diezaiogun gaiari behar bezala. Bildutik aurkezpenean botatako mezu batekin gelditu ginen: Plana modu parte-hartzailean egingo da. Ezinbestean izan beharko du horrela; herritarrek eta batez ere, euskaltzaleek, eraikiko baitute Getxo euskaratik eta euskaraz. Erakundeetatik lanean gaudenok, baliabideak haien zerbitzura jarri eta erraldoien aurrerapausoak emateko beharrezkoa den borondate politikoa erakutsi behar dugu. Eta eredu izan, zerbitzua euskaraz emanez eta udalekin elkarlanean diharduten eragile zein enpresei euskararen erabilera exijituz.