Garraitzeko arbolak, hilzorian

Lekeitioko Garraitz uhartean bizi diren zuhaitzak oso azkar hiltzen ari dira. Ohartarazpen hori plazara atera nahi izan du Lea-Artibai eskualdeko kultura eta natura ondarea defendatzea helburu duen Atabaka elkarteak. Elkarte horretako adituek baso horren egoeraren azterketa egin dute, eta hondatze prozesua oso azkarra izaten ari dela ikusi dute. Azken hiru urteetan, uharteko arbolen portzentaje handi bat hil dela ohartarazi dute, hain zuzen ere.

Egoera larria dela ikusita, Bizkaiko Foru Aldundiari eta EHU Euskal Herriko Unibertsitateari laguntza eskatu diete. Bi erakunde horiek Garraitzeko egoera aztertzeari ekin diote, esku hartzea beharrezkoa den ebazteko asmoz. Eta bide horretan egin dituzte lehenengo pausoak. Hain zuzen, aldundiko teknikariekin batera ingurua bisitatu dute Atabakako kideek, eta EHUko Ekologia Sailarekin harremanetan jarri dira.

Lekeitioko irlan gertatutakoa ziklo natural baten bukaera izan litekeela ere jakin badakite. Hala balitz, bertoko espezieak landatuta birsorkuntza plan integrala planteatuko luketela aurreratu du Lea-Artibaiko elkarte naturazaleak. Horri esker, zuhaitzek iraupen luzeagoa izatea bermatuko litzatekeela iritzi diote.

Izan ere, kanpoko espezieak landatu zituzten Lekeition San Nikolas ere esaten zaion uhartean. Pinu mota bat landatu zuten han, aspaldi, lurraren higadura saihesteko helburuagaz. 1909. urtean egindako landaketak dira aipatutakook.

Kultur ondarea

Garraitz edo San Nikolas irla, baina, arbolaz estalitako lur eremu bat baino gehiago da. 6,5 hektareako lur sail hartan historiako hainbat pasarte ere gordeta daude. Besteak beste, Lekeition izurrite larriak zeudenean gaixoak uharte horretara eramaten zituzten, kutsatu gabe zeuden bizilagunek gaixotasun hori har ez zezaten.

Bestalde, baseliza bat ere egon zen han, 1550 urte inguruan. 1578. urtean izurrite batek Lekeitio astindu zuen, eta gaixoak hara eraman zituzten. Urte hartan, bada, ospitale moduan erabili zuten baseliza.Urte batzuk geroago, frantziskotar errekoletoen komentua sortu zuten. Komentuaren ondoan ospitale txiki bat ere bazegoen, txiroentzat eta erromesentzat.

Lekeitio herria babesteko gune ere izan zen garai batean. Hain zuzen, kanoiak jarri zituzten hainbat gatazkatan herria babesteko. XVIII. mendeko kanoi zuloak gaur egun oraindik ikus daitezke Garraitz uhartean.

Historiaren altxorrak

Kultura ondare hori ere kontuan hartu du Atabakak irla zaintzeko eskaera egiteko orduan. Hain zuzen, aztarna arkeologikoak aztertuta, kultura ondarea zaintzea ere bada bere helburuetako bat. Atabaka elkarteko kideen ustez, historian uharteari eman zaizkion erabilera guztiak eta gaur egun oraindik han ikus daitezkeen hondakinak lehen mailako kultur altxor dira.

San Nikolas edo Garraitz uhartea Lekeitio ondoan dagoen irla bat da. Irla bera eta Isuntzako hondartza lotzen dituen kai txiki bat ere badago. Dena den, itsasbehera denean soilik erabil daiteke. Itsasbehera denean, gainera, Mendexako Karraspio hondartzara oinez joateko aukera ere izaten da.